Behar soziokulturalak aztergai
Larunbatean abiatuko da San Pedron barrutiko behar soziokulturalak antzemateko parte hartze prozesua. Atzo aurkeztu zuten, Pasaiako Udaleko ordezkariak eta barrutiko hainbat eragile, batera. Bertan zen baita ere, parte hartze prozesua gidatuko duen Elhuyar taldeko kide Goizargi Oruesagasti. Berak azaldu zituen larunbatean abiatuko den parte hartze prozesuaren metodologiari buruzkoak. Azaldu zuenez, hiru saio egingo dituzte, larunbatean lehena, hilaren 29an bigarrena eta apirilaren 4ean hirugarrena eta azkena. Hiru saioak 10:000etatik 13:30etara izango dira. Zehaztu zuenez, talde txikietan, handietan eta bakarka lan egingo dute, unean uneko beharren arabera. Gaineratu zuenez, saio guztietan akta bat jasoko dute eta ondoren akta hori jendaurrean jarriko dute, Pasaiako Udalaren webgunean, saioetara joaterik ez dutenek ekarpenak egiteko modua izan dezaten.
Oihane Oronozek argitu zuenez, San Pedroko behar soziokulturalak atzematea da helburua, ondoren, diagnostikoa eskuan, behar horiek nola eta non asetu erabakitzeko.
Elhuyar fundazioko Goizargi Oruesagastik azaldu zuenez, ez dira orain hasi lanean. Talde eragile bat osatu dute aurretik, udaleko eta barrutiko hainbat eragileren partaidetzarekin, egungo egoera zein den jasotzeko, eta hemendik aurrera egin beharreko urratsak definitzeko.
Talde eragile horretan bildu diren gizarte eragileen izenean, Igor Carballok hartu zuen hitza. Carballok esan zuenez, San Pedro herri dinamikoa eta bizia da, eta askotan bere bitarteko propioekin egin behar izan du aurrera. Baina sormenari bide eman ahal izateko, askotan espazio gabeziarekin topo egin dutela gogoratu zuen Carballok.
Gaur egun, San Pedrok herritarrentzat erabilgarri hiru gune dituela esan zuen Carballok, baina hirurak ere nahikoa mugatuak direla: Gimnasioa, kirol jardueretarako; udal aretoa, eta Proisa. Esan zuenez, azken bien erabilera, mugatua da oso, udal aretoaren kasuan espazioa txikia delako, eta Proisaren kasuan eraikinaren egoera dela medio.
Horregatik guztiagatik, sinergiak bilatzeko deia zabaldu dute parte-hartze prozesuaren
bueltan bildu direnek, eta elkarte, erakunde, talde nahiz norbanakoei parte hartzeko deia luzatu diete.