
Lanbide Heziketako ikasleak
Alabergako Lanbide Heziketako zentroak itxura berria du. Eraikina bera da, baina zurgintzako ikasleek beren ukitua eman diote sarrerari, eta sustraiak edo zuhaitza irudikatzen duen lan bat egiten dute.
Bospasei hilabete egin dituzte proiektuan lanean Lanbide Heziketako zurgintza espezialitateko sei ikaslek: Hugo Brian, Odei Sagastizabal, Alex Ruiz, Tomas Prieto, Luis da Silva eta Yahia Bouday. Unai Gabilondo irakasleak gidatu ditu.
Gabilondok azaldu duenez, zerbait egin nahi zuten, “eskolan egiten dutena kanpora atera, eta horregatik ateratzen da atearen zirrikitutik”. Bi aukera zituztela gaineratu du: edo mural bat egin edo zerbait bizia. Bigarrenaren alde egin dute, eta hala, lan horrek jarraipena izatea espero dute.
Ikasle horiek orain bukatu dutela ikasturtea azaldu du Manu Ramos zuzendariak, eta praktikak egiten hasiko direla: “Horrek, lan munduan sartzeko aukera berreskuratzeko aukera emango die”.
Bertso bat ere egin dute. Honakoa:
Ongi etorri gazteen harremanaren habira,
elkar laguntza ta lana
uztartzen diren tokira…
Hazi bat sartu genuen
ilusioz lur azpira,
elkarrekin ureztatuz
zuhaitz bihurtzen ari da,
denborarekin adaskak
atera dira argira,
askotan amesten dugu
bere loreei begira,
ta laster gure ametsak
fruitu bihurtuko dira (bis).