Musika eta gaixotasun arraro baten ezagutza elkarrekin batera landuko dituzte, ostegun honetan, hilak 13, De Cyne Reynan, 22:30etik aurrera. Ibon Casas eta La Fondak kontzertua emango dute, eta taula gainean blind rockaren kontzeptua ezagutzera emango dute.
Izan ere, Ibon Casasek ikusmena ia ezerezera mugatzen dion gaixotasun bat dauka: retinosi pigmentarioa. Gaixotasun arraro bezala katalogatua dago. Gaur egun Casas retinosi pigmentarioaren kontra borrokatzen ari da
www.dametvision.com webgunearen bidez, eta baita musikaren bidez ere.
“Ikus-entzunezko lan bat zuzentzen ari da jendeari erakusteko berak nola ikusten duen mundua geratzen zaion ikusmen murritzetik, gainontzeko zentzumenetatik, jendearen babesetik, baina batik bat musikatik, eta horren barruan rock and rolletik”, aurreratu du De Cyne Reynak.
Hala, rock doinuak eta salaketa letrak jo eta abestuko dituzte. Hala eta guztiz ere, “kexak mezu positibo” bihurtu nahi izan dituztela jakinarazi dute: “Hala jendea eskuak gurutzatuta ez geratzera bultzatu nahi dugu, baina baikortasunez”.
Taldea
- Ibon Casas: ahotsa eta gitarra
- Rafael Bajo: gitarra bakarlaria
- Paul Merino: bateria, korua eta programazioak
- Nagore Mitxelena: baxua.