Ainhoa Alberdi antzezlea
Ta oain ze? antzezlan berezia ikusteko aukera izango da igande honetan (hilak 16) udaletxeko areto nagusian, 19:00etatik aurrera. Berezia, ez baita ohiko formatuan izango. Zarauzko Ttak Teatroko Ainhoa Alberdik eta Iraia Eliasek biribilgune baten barruan kontatutako bizipenak izango dituzte hizpide: “Oso benetakoa da, benetako arazo eta sentsazioak azaltzen dira eta jendea identifikatu egiten da”. Oiartzungo Antzerkizale Taldeak antolatutako emanaldia ikusteko sarrerak dagoeneko salgai daude Amazkar tabernan eta Garmendi txokolategian, 5 euroan. Egunean bertan ere sarrerak erosteko aukera izango da.
Zein berezitasunekin egingo du topo ikus-entzuleak?
Ez da ohiko antzezlana, ez behintzat fisikoki. Normalean oholtza bat ikusten dugu, oholtza gainean antzezleak eta aurrean eserita publikoa; hori izango litzateke normalean antzerkia areto itxi batean ikusteko modua. Gurea borobilean gertatzen da, biribilgune bat denez publikoa ere gure inguruan eserita dago.
Horrek alde batetik hurbiltasuna ematen du, jendea oso gertu dago; barruan gertatzen dena intentsitate handiagoarekin iristen zaizu. Bestetik, publikoa elkar ikusten da. Emanaldi batzuk egin ditugu dagoeneko eta batzuei hori deseroso egiten zaie eta nik uste biluzik eta behatuak sentitzen direlako dela.
Gure helburua jendea biribilgunearen parte izatea da. Biribilgune horrek esanahi desberdinak hartzen ditu bakoitzarentzat eta hori bilatzen dugu, bakoitzak har dezala biribilgunea bizitzan dagoen toki horretatik eta ea zer iradokitzen dion. Ziur antzezlana beste momentu batean ikusita beste modu batera interpretatzen dela biribilgunea.
Zer kontatzen du antzezlanak, konta daitekeena behintzat.
Bi emakume harrapatuta gelditzen dira biribilgune batean eta horretatik euren barne gogoetan, barne sentsazioak eta emozioak ateratzen hasten dira, pertsonaren itzalak eta argiak esango genuke. Horiek islatzeko gai unibertsalak dira: maitasuna, heriotza…
Hainbati deseroso egiten zaiela aipatu duzu, baina orokorrean nolako erantzuna izan du antzezlanak?
Ona izan du. Zarauzko gaztetxean estreinatu genuen eta topera egon zen, biak zarauztarrak izanik normala. Jendeak barre asko egin zuen, umore absurdotik hurbiltzea gustatzen zaigu eta askotan oso dramatikoak izan daitezkeen gaiei buelta ematen zaie eta jendeak barre asko egiten du. Denetik izan dugu, emanaldi batzuetan jende gehiago egon da, baten bat oso hotza ere… Bigarren edo hirugarren emanaldia izan zen eta gogorra izan zen, segurtasun handirik ez duzu hasieran, zalantza asko… eta publikoak asko eragiten du hasieran, niri behintzat bai. Dena den, orokorrean erantzun ona izan dugu.
Gure eskualdeko batzuen laguntza izan duzue: Miren Alcala, Oier Guillan, Ander Fernandez…
Elkarlan asko egin izan ditugu eta behar dugunetan elkar laguntzen gara. Iraia eta biok abiatu genuen eta Oier babes bezala izan genuen hasieratik. Mirenekin lan
potentea egin genuen. Zortea izan genuen; izan ere, berak Londresen ikasi zuen eta azken urtean karratuan zen obra bat egin zuen eta kode hori ezagutzen zuen. Borobilean egiterakoan gauza asko hartu behar dira kontuan eta Mirenek ezagutza bazuenez oso lan polita egin genuen, gorputz lana berarekin egitea luxu eta plazer handi bat izan zen. Kartela egiten, arropa-eta Idoia Beratarbidek lagundu zigun, Dejabuko Ainara eta Urkok ere lagundu ziguten. Ander Fernandezek auto soinua berak grabatu zuen, uste dut Oreretako biribilgune batean gainera. Jende askoren babesa eta laguntza izan dugu.
Zein sentsazioekin atera nahiko zenukete Oiartzungo saiotik?
Egia esan momentuan dagoena bizitzea gustatzen zait, gero eta gehiago saiatzen naiz orainean bizitzen. Espektatibak egiteak pixka bat beldurra ematen dit, gero frustrazioak etortzen dira eta, baina jendearengana iritsi garela ikustea gustatuko litzaidake. Gurekin biribilgune barruan egotea nahiko nuke, jendea ez ateratzea sartu den bezala, barruan zerbait mugitzea hor barnean. Horrekin pozik egongo nintzateke.