
Urdanibia plazan lanak egiten ari dira
Irungo EH Bilduren udal taldearen iritziz, San Pedro eta San Martzial jaietan Urdanibia plazari erabilera eman behar zaio. Aurreko astean udal gobernu taldeak esan zuen plaza horretan —egun biziberritze lanak egitena ari dira bertan faseka, denera 14 hilabete iraungo dutenak— ezin izango direla jaietako kontzertuak egin nahiz txosnak jarri, eta horretarako Ficobako eremua proposatu zuen. “Aitzakia bat eraiki dute festa gunea Urdanibiatik ateratzeko. Beste era bateko proposamenak egin daitezke, argudio hori asmatu dute. Helburu hori dute, festa eremua Urdanibiatik ateratzea”.
Zentzu horretan, alternatibak eta proposamenak biltzeko, batzarrera deitu ditu Irungo EH Bilduk gaian zer esana dutenak, tabernariak, elkarteak, eragileak, taldeak, edo norbanakoak. Martxoaren 20an egingo dute bilkura hori, 19:30etik aurrera, Ospitale Zaharreko bilkura aretoan, “oraindik aukerak badaude aztertzeko. Gauzak beste era batera egin daitezkeela azaldu nahi dugu batzar horretan. Beraien iritziak jaso eta proposamenak aztertu nahi ditugu, ondoren horiek udal gobernu taldeari eramateko”.
Oinatz Mitxelena EH Bilduren eledunak, bestetik, esan du Mosku inguruko ez tabernariekin, ez txosnak jartzeko eskaera egiten duten eragileekin, ez kontzertuak egiten dituzten Irungo taldeekin ez duela gaia aztertzeko hitz egin gobernu taldeak, “hori onartezina da. Soilik kultura batzorde batean aztertu dute dena Urdanibiatik ateratzeko asmoa, eta planteatu zituzten bi bideak izan ziren edo dena Ficobara eramatea, edo hainbat gunetan banatzea. Hori besterik ez dute egin”. Hori dela eta, Mitxelenak ez du ulertzen nola hedabideei esan zaien Urdanibiako jarduerak Ficobara eramango direla, “Kultura batzorde horretan Belen Sierrak aipatu zuenean oraindik alternatibak aztertzeko eta proposamenak egiteko aukera bazegoela”.
Alarde pribaturako, bai
Oinatz Mitxelenak, kazetarien galderei erantzunez, baieztatu zuen jaietako egun zehatz baterako, Alardearen egunerako, prest egongo zela Urdanibia plaza kontratu baten arabera, ekainaren 30eko alarde pribatuaren arrankadarako alegia, “kontratu baten arabera esfortzu hori egin badaiteke, zergatik ezin da egin gune hau, kultur gune bezala ulertuta, jai guztietarako erabili? Hori egitea badagoela uste dugu. Benetan hor ikusten da gobernu taldearen nahia zein den”.