Joseba Llorente, sariarekin
Otsailaren 28an Olazabal Kirol Sariak banatu zituzten lehen aldiz, Hondarribiko Udaleko Kirol departamentuak antolatu ditu eta bi urtean behin banatuko dituzte. lehen ekitaldian honakoak izan dira sarituak: Ion Areitio (gizonezko kirolaria), Claudia Behobide (emakumezkoa), Hondarribia Arraun Elkartea (talde onena) eta Joseba Llorente (kirolari lotutako pertsona).
Erretiroa hartu berritan jaso du saria Llorentek eta garrantzia handikoa dela esan dio HITZAri, “jendeak eskertzen duelako zure ibilbidea”. Beñat Elzorekin gogoratu zen sari banaketan, eta emaztearekin “momentu txarretan beti ondoan” izan duelako.
Goi mailako kirolari asko dago Hondarribian, kirol askotakoak. Behar zen horrelako sari bat.
Bai. Eta Txemari [Olazabal] herrian beste omenaldi bat egiteko, polita da bere izena eramaten duten sariak banatzea. Kirolarien aldetik ere zerbait edukitzea herrian beharrezkoa da, bi urtean behin banatzeko. Sari banaketan giro oso polita sortu zen, kirolari asko zeudelako, gazte asko.
Hautagaien artean, oraindik gizonak emakumeak baino gehiago.
Mugitzen ari dira asko; bakarrik, ez dela erraza kirola egitea astean zehar. Baina, adibidez, bada talde handi bat elkartzen direnak korrika egiteko, hogeita bost neska edo elkartzen dira. Eskola Kirolean ere lan handia ari dira egiten, eta maila handia ematen ari dira. Aterako dira.
Zein balio du sariak, kontuan izanik herritarrek bozkatu dutela?
Asko balio du horrek. Saria popularra izateak, eta ez hiruk edo lauk aukeratzea, poz gehiago ematen du. 500 lagunek baino gehiagok bozkatu dute. Herrian denetarik egongo da, baina esan nahi du jendeak eskertzen duela, edo miresten duela zure kirol ibilbidea.
Urduri jarri zinen sari banaketan.
Bai, bada denbora bat hitz egin gabe jendearen aurrean, eta egia esan inoiz ere ez naiz izan oso zalea; beti lotsatia izan naiz. Momentu polita zen, Txema zegoen, kirolari asko, familia… Alde horretatik urduri jarri nintzen, baina momentuan atera zitzaizkidan hitzak bota nituen, ez zait gustatzen paperean eramatea zer esan behar dudan edo zer ez dudan esan behar.
Beste kirolari gazte batekin gogoratu zinen oholtza gainean, Beñat Elzorekin. Zergatik?
Beñaten heriotza gertutik bizi izan genuen, emaztearen lehengusua zelako. Bizitzan gertatzen bada horrelako gauza bat gogorra da, baina kirola egiten gertatzen bada eta hain kirolari indartsua izanda… Gogorra izan zen, eta kirolari buruzko ekitaldia zenez, ez du askorako balioko, baina, behintzat, oroitzapen txiki bat behar zuen.
Zein gehiago izan zenuen gogoan saria jasotzerakoan?
Jende asko, kirolak asko jaten zaitu. Futbola talde kirola da, eta azkenean talde batean sartzen zarenean txikitatik jada ez duzu asko behar inguruan, baina gurasoek hasieran asko lagundu ninduten. Eta Eibarren egotetik aurrera emaztea eta familia izan ditut ondoan, eta nire karreran momentu txarretan emaztea izan da beti.
Herriak eman al dizu futbol munduak zor dizun saria?
[Pentsakor jarri da] Etortzen bazaizkit sariak ondo, gustura hartzen dira, baina nik ez dut ezerren beharrik, ez dut saririk behar. Valladolidera joaten banaiz partida bat ikustera, edo Vila-Realera edo Eibarrera, horrek ematen dit saria. Leku horietatik atera naizenean jendearen miresmena, jendearen animoa, eskerrak jaso ditut. Badakigu Vila-Realen zer lortu dugun eta Valladoliden. Ibili naizen lekuetan jendeak mirestea, hori baino gehiago ez dut behar. Hemen, Realean, ez dut zorte askorik eduki eta denetarik egongo da, jende batek gauza bat esango du eta beste batek beste gauza bat, baina azkenean nik badakit zeinek mirestu behar nauen, eta horiek egiten dute.
Futbola utzi duzu, baina bazenituen eskaintzak jarraitzeko kanpoan.
Bai, aukerak banituen joateko, AEBra, Greziara… aukera asko nituen. Baina pixka bat erreta bukatu nuen, burutik. Azken urtean fisikoki oso ondo eman nion buelta bizkarrari, baina horren gainean azalpen asko eman behar izan nituen eta ez nuen berriro azalpenak ematen jarraitu nahi. Aukerak izan nituen, baina ezetz esan nuen eta lasaitu ederra hartu nuen. Hilabete batzuk pasata esaten duzu, ‘beste urtebete egin izan banu, edo beste bi urte’, baina hartu ditudan erabakiak beti aurrera eraman behar dira, eta orain ez dago atzera bueltatzerik. Erabaki ona izan zela uste dut.
Sari banaketan kirolari gazte asko zegoen. Zer esango zenieke?
Jendeak orain, eta orain dela bi urte esaten zidan, ‘jo, zein ondo zauden’, baina ez zidaten hori esaten 14 urte nituenean. Asteburuetan bizitza gutxi nuen, ez nekien futbolean zer lortuko nuen, baina egunero Donostiara joan behar nuen eta ikasten ari nintzen. Momentuan inork ez zaitu aintzat hartzen, orain bai. Gazteei esango nieke ez erotzeko, kirolean ehunetik bat ateratzen dela, baina polita dela; sakrifizioa eskatzen duela, orduak eta dohainak behar direla, baina polita dela.