Hondarribiak denboraldiko lehen zati onena egin du eta Hernaniri 3-2 irabazi dio
Ohorezko Mailako Hondarribia futbol taldeak Hernaniren kontra irabazi zuen larunbatean Hondartzan (3-2) eta sailkapeneko erdialdeko babesa lortu du. Hernaniren kontra lortutako hiru puntuei esker 11. tokian jarri da Hondarribia, 31 punturekin Ostadarrekin berdinduta, baina partida bat gutxiago jokatuta, urtarrilaren 5ean Hondartzan Aurrerarekin zuten partida bertan behera geratu baitzen.
Llorenteren iritziz, denboraldiko lehen zati onena egin zuen etxeko taldeak larunbatean, “bai baloiarekin eta bai baloirik gabe. Taldeak oso goian presionatzen zuen eta baloiaren jabetza segituan berreskuratzen genuen”. 2-0 aurreratu ziren berdeak, Martin eta Iñigoren golei esker, baina atsedenaldira iritsi baino lehen Hernanik tartea murriztea lortu zuen, penaltiz. Azken zazpi partidetan Hondarribiaren kontra adierazten duten seigarren penaltia da.
Bigarren zatiaren hasieran ere agintzen hasi ziren hondarribiarrak eta entseatutako korner batean hirugarrena lortu zuen Aitorrek. Hernanik erasora jo zuen orduan eta 15. minutuan bigarrena sartu zuen. Hortik aurrera berdinketaren bila joan ziren eta Hondarribiak defentsako lana egin behar izan zuela onartu du Llorentek: “Egia da, erasoan aukera gutxiago egin genituela, atzeko aldean sendo egoteko asmoarekin eta lortu genuen, defentsa lan bikaina eginaz”. Partida bukatu arte saiatu ziren bisitariak baina aparteko aukerarik gabe.
Hernaniren kontrakoa “intentsitate handiko partida” izan zela esan du entrenatzaileak eta taldeak merezitako garaipena lortu zuela: “Ekipoak intentsitate handiko partidua egin zuen. Hasieratik oso sartuak egon ginen eta garaipena, nire ustez, merezitakoa izan zen eta, talde biek egindako merituengatik, laburra”.
Nortasun handiko jokalariak
Inauterietako asteburuan Aloña Mendiren kontra 6-0 galdu zuen Hondarribiak, eta hori eta gero iritsi da Hernaniren kontrako garaipena. Hondarribikoa talde gaztea da baina Mikel Llorente entrenatzaileak egoera zailei buelta emateko jokalariek duten gaitasuna nbarmendu du: “Taldea nortasun handia erakusten ari da, jipoi gogorren ondoren erantzun ezinhobea ematen ari bait da hurrengo partidan. Ea larunbateko maila mantentzeko gai garen. Bidea poliki-poliki egiten ari gara gure helburuaren bila eta gero eta hurbilago daukagu”.
Heldu den asteburuan etxean jokatuko du berriro taldeak eta Llorenteren mutilek hori aprobetxatu nahi dute: “Zaletuen laguntzarekin taldea indartsuago sentitzen da. Ea jendea animatzen den, taldeak eskertzen du-eta”, gaineratu du entrenatzaileak.