
Apaiziartzari babesa erakutsi diote
Apaiziartza proiektu kolektiboan dabiltzan lagunek, bertako bi kide erasotu eta mehatxatu dituztela jakinarazi dute. Bizi eta lan egiten duten baserriko bi bizilagun direla eraso eta mehatxuen arduradun jakinarazi dute gainera eta jarrera hori eteteko eskatu diete. Bizilagun horien jarrera “oldarkorra” dela eta Apaiziartzako proiektua arriskuan agoela gaineratu dute: “Azken gertaera larriak otsailaren 24an izan ziren. Baratza lantzen duen kide bat fisikoki erasotu eta heriotz mehatxua egin zioten Apaiziartzan bertan”.
Gertakariak salatzeko elkarretaratzea egin zuten pasa den ostiralean Lezoko plazan eta bertan bildutako lagunek Apaiziartza proiektuari zein bertan lanean ari diren kideei elkartasun eta babes osoa erakutsi zieten eta erasoak eteteko eskatu zuten : “Bi bizilagun hauei beraien estrategia erasokor eta akosatzailea gelditzeko exijitzen diegu, interes partikularrek ezin dutelako zapuztu interes kolektibo eta herrikoi bat”. Erasorik ez dutela utziko erantzun publikorik gabe eta dagokionari erasoak ez errepikatzeko hartu beharreko neurriak hartzeko eskatu diete azkenik.
Bi urte proiektua garatzen
Orain bi urte jarri zuten martxan Apaiziartza proiektua eta hiru helburu zituztela ekarri dute gogora: “Bertan eraiki nahi duten plataforma intermodalari aurre egitea eta Gaintxurizketako nekazal lurrak erabili eta bertatik elikadurak lortzea zen helburuetako bat. Oarsoalde mailan nekazaritza ekologikoan oinarritutako kontsumo sarea sortzea zen bestea; eta etxebizitza moduan erabilpenik ez zuen baserri erdiari bizitza ematea, gaur egungo etxebizitza arazo larriari irtenbidea bilatu nahi dion jendeak aukera bat izateko”.