Bertso saioa antolatu du Hiruzta upategiak bigarren urteurrenerako
Bi urte beteko ditu hilabete honetan Hondarribiko Hiruzta txakolindegiak eta jai giroan ospatuko dute hilaren 22an. Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolariak gonbidatu dituzte eta trikitilariak ere izango dira. Urteurrenarekin batera, iazko uzta aurkeztuko dute.
Bazkarira joan nahi dutenek aldez aurretik izena eman behar dute, 943 64 66 89 telefono zenbakira deituta. Menuak 45 euro balio ditu eta txotxaz gain, bazkaria, edaria, kopak eta jaia prezioan sartzen dira.
Bazkarirako izena ematen dutenei 13:00etarako agertzeko eskatu diete, ordu horretan aurkeztuko baitute 2013ko uztako ardoa: “Eguerdiko ordu batean Upategira jaitsiko gara txotx egitera, eta Hiruzta 2013 txakolina dastatuko dute parte hartzaile guztiek. Dastaketa honen ondoren jatetxera igo eta egun horretarako bereziki prestatutako menua jango dute”, azaldu du Marina Valles Hiruztako marketing arduradunak.