Udalak biharko manifestazioan parte hartzera animatu ditu herritarrak
“Atzera egiten ari gara, diskurtso atzerakoi batek emakumeak berriz ere adingabe moduan tratatu nahi dituelako, erabakitzeko gaitasunik gabe eta bizimodu prekario batera kondenatuta”, adierazi du Errenteria Udalak. Martxoak 8ari begira, adierazpen instituzionala egin du.
Hain zuzen, biharko egunean egingo den eskualdeko manifestazioan parte hartzera animatu ditu herritar guztiak. 13:00etan abiatuko da Zumarditik.
Atzerakada horren erakusle direla azaldu du abortuaren lege erreforma, —”erreforma ultrakontserbadore eta eliza katolikoaren agintarien eskutik datorrena—, eta bestetik, inoren laguntza behar duten pertsonak zaintzeko laguntzetarako murrizketak —”lan horren karga berriz ere familien, eta familien barruan emakumeen esku utziko duena”—. Azken horrek, emakumeak “prekarietate handiko eta errekonozimendu txikiko” jardun horietara aritzera behartuko dituela iritzi dio udalak.
Berdintasunerako politikak behar direla esan du horri aurre egiteko, eta zentzu horretan, “xede horretarako programa eta baliabideak kentzeko asmoarekin etor litekeen erreforma oro guztiz gaitzetsi” egingo duela gaineratu du.
Udalak bere konpromisoak mantenduko dituela adierazi du, eta honako arlo hauek aipatu ditu: berdintasunerako politika publikoak garatzea; programak eta proiektuak aztertu, garatu eta ebaluatzerakoan genero ikuspegia kontuan hartzea; emakumeen elkarteekiko eta mugimendu feministarekiko elkarrizketa politikoa indartzea eta indarkeria matxistaren aurka borrokatzeko politikak eta berdintasunerako politikak etengabe uztartzea.