Luis Tolosa Amilibiaren arkitektura, Irungo Amaia KZn
Luis Tolosa Amilibia arkitektoaren (Donostia 1903-Irun 1956) lanaren berri emateko, Amaia Kultur Zentroan erakusketa jarri dute apirilaren 6ra arte: Luis Tolosa Amilibiaren arkitektura. Maketak, planoak eta marrazkiak dira erakusketaren oinarria, eta haren ondarea berreskuratzeko ahalegina egin nahi dute horrekin.
Arkitekto garaikidea izan zen Tolosa Amilibia. Baina hark egindako lanak katalogatzeko zailtasunak izan dira, beste egile batzuren sinadura eramaten zutelako horietako askok, nahiz eta Irunen hil zen arkitektoak egin. Horrela, Pasaiako portuan dauden hainbat eraikin hark egin zituela ondorioztatu da. Horren harira, bi hitzaldik osatuko dute erakusketa, hilaren 25ean Ana Azpirik emango duena, eta apirilaren 4an Lauren Etxeparek emango duena.
Gaur (ostirala) zabalduko dute erakusketa Amaia KZko erakusketa aretoan, 19:00etan. Asteartetik larunbatera 18:00etatik 21:00etara egongo da zabalik, eta igande eta jaiegunetan 11:30etik 13:30era.