Kirolak hartuko du kalea igandean
Igande Sasoi ekimenaren bigarren saioa egingo dute igande honetan, hilak 9, Irunen. Zehazki, Colon pasealekua, Iparralde eta Gipuzkoa etorbideekin duen tartean oinezko eta bizikletan nahiz patinetan dabilenentzako gune izango da, 10:00etatik 13:00etara.
Hainbat kirol jarduera egiteko aukera izango da: saskibaloia, herri kirolak, umeentzako talde jokoak, irristatzeko kirolak… Azkenik Irungo Mendizaleak taldearen eskutik bi orduko ibilbidea egingo dute mendi ingurutik. Bertan parte hartzeko Zabaltza plazan bilduko dira, 09:00etan.
Colon pasealekua tarte horretan moztuta egongo denez, bide alternatiboak erabiltzeko eskatu dute Irungo Udaletik, eta autobus geltokiak ere tokiz aldatuko dituzte. Zaisa-Ospitalea lineari eta Katea-Erdialdea lineei eragingo die.
Padel SUP EskolaArratsaldean, berriz, ekintzak Uranzu pilotalekura pasatuko dira. Bertan, Padel SUP Eskola HS2ren eskutik irristatzeko kirolen ekintzak egingo dituzte. Hala, skate park bat jarriko dute. Horrez gain, patinaje librea egin ahal izango dute, eta scoots-ak muntatzeko ikastaroa emango dute. 4 urtetik gorako haur eta gazteei zuzenduta daude, eta kaskoa erabiltzea derrigorrezkoa izango da. Sarrerak 3 euro balio du.