Bi proiektu aurkeztuko dituzte Don Boscoko lau ikaslek Zaragozan
Creative Hands 3D eta Electronic Thumps Up. Ingelesezko bi hitz horien atzean Don Boscoko bi proiektu ezkutatzen dira. Bata zein bestea Zaragozan (Espainia) datorren astean (hilak 11 eta 12) egingo den Don Bosco Espainiako Sarietan parte hartuko dute. Bertan ikerkuntza eta berrikuntza teknologikoak saritzen dituzte.
Creative Hands 3D Imanol Aguado eta Iñigo del Teso ikasleek egin dute. Android aplikazio bat sortu dute. Horri esker, posible da mugikor batekin 3D inpresora bat kontrolatu bluetooth bidez.
Gaur egun ezin dela horrelakorik egin aurreratu du Don Boscok, eta “benetako behar bat” asetzen duela: “Erreparazioak egiteko aukera emango luke, baita pieza berriak sortzeko aukera ere kaltetutako objektu baten gainean, eta zuzenean marraztu aurretik diseinatu beharrik gabe.
Bigarren proiektuak, Electronics Thumps Up, sare sozialak eta marketinga batzen ditu. Dendei zuzenduta dago batik bat. Pertxa batzuk dira display banarekin, eta Facebooken jendeak ematen dion atsegite kopurua azaltzen du. Beste eremu batzuetara ere eraman daiteke jendearen gustuek garrantzia eduki dezaketena: sagardotegian, ardo upategietan….
Proiektu horiek aurkeztuko dira, baina urtean zehar klasean beste hainbeste egin dituztela gogorarazi du Don Boscok. Horiek maiatzaren 17an Don Boscon bertan egingo duten erakusketan ikus ahal izango dira.