Aitor Puertas
Bizitza bat aurkitu duela dio Aitor Puertasek (Oiartzun, 1987), snowboardcrossarekin erabat maitemindu eta horretan dabil munduan zehar hara eta hona. Sotxin (Errusia) egotea urteetako lanaren emaitza gisa ikusten du, eta helburuak argi baditu ere, bizitzen ari den esperientziarekin nahikoa duela sentitzen du.
Zer esanahi du zuretzat Sotxiko Paraolinpiar Jokoetan egotea?
Txikitatik telebistan ikusten dugun zerbait da; sekulako kirolari profesionalak eta munduko hoberenak lehian. Ni ez naiz horrela sentitzen, baina urteetako sakrifizio eta lanaren opari bezala ikusten dut. Ikaragarria da.
Zer egin behar izan duzu bertan parte hartzeko? Hautaketa faserik egon da? Nolakoak izan dira?
Bi hautaketa fase daude: Lehena IPCk (International Paralympic Commiteek) egiten duena, eta jokoak baino urte bat lehenago munduko lehen 32tan egon behar ginela esan zuten. Bigarrena herrialde bakoitzak egiten du. Ameriketan top 10ean egotea eskatzen dute, Belgikan top 4an, eta Espainian top 21a eskatu zuten. Lehengo urtean munduko 15. bukatu nuen, hortaz biak pasatu nituen.
Nolako probei egin beharko diezu aurre Sotxin?
Nire proba snowboardcrossa da. Motokroseko zirkuitu bat, baina snowboard taula gainean. Saltoak, absorzioak, paretak, bihurguneak eta peralteak ditugu.
Zein dira zure asmoak? Zein zaporerekin itzuli nahiko zenuke handik?
Aurreko urtean onartu zen snowboard egokitua olinpiar kirol bezala, eta ez da denborarik izan faktoreak egiteko. Faktoreak ezgaitasun desberdinak berdintzeko erabiltzen dira, hau da, bi hankak falta dituen norbaiti denbora deskontua egiten zaio, oina bakarra falta duenaren aurrean. Denborarik eman ez duenez, ezgaitasun guztiak batera doaz, belauna falta dugunen kontra joanik. Beraz, lehen 25etan banago edota lehen hiru femoralen artean (belauna falta dugunak), oso pozik itzuliko nintzateke, baina bizitzen ari garen esperientziarekin nahikoa daukat.
Aurretik AEBetan ere egon zara. Zer ikasi duzu han?
Munduko entrenatzaile, pista eta protesiko hoberenak dauden lekura joan nintzen, azkar ikasi behar bainuen lehen 32etan egoteko. Park Cityra (Utah) iritsi nintzenean beraien eskuetan jarri nintzen, eta snowboarda berriro nola egin irakatsi zidaten. Dena zor diet. Ezagutu dudan jendearekin ere asko ikasi dut arlo pertsonalean.
Lehen ere snowa praktikatzen zenuen, baina oso ona ez zinela diozu. Zerk motibatu zintuen kirol horretara bideratzea?
Hanka galdu aurretik baino hobeago egin nezakeen kirola zelako. Kirol asko egiten nituen, baina ezingo nintzen inoiz lehen bezain ona izan, hortaz snowboarda aukeratu nuen. Oso garrantzitsua da horrelako zerbaiten ondoren lehen bezala sentitzea, baina snowarekin nik hori gainditu dut, askoz hobea naiz orain.
Entrenamenduak nolakoak dira? Non entrenatzen zara, zenbatero?
Bi urte dira AEBetara joaten naizela hiru hilabetez,Utahko taldearekin egotera. Han, estazioan hiru entrenamendu ditugu, beste bat guk egindako pista batean, eta astean bi arratsaldez gimnasioa. Beste egun libreak ikasitakoa perfekzionatzeko erabiltzen ditugu. Ondoren, konpetizio garaia dator eta munduan zehar ibiltzen gara. Aurten AEBetan, Kanadan, Frantzian, Espainian eta Errusian aritu gara. Udara honetan Bat Basque Team-en instalazioetan entrenatzeko intentzioa daukat.
Noiz hasi zinen eliteko kirolean?
Lehengo urtean denboraz oso justu ibili nintzenez lehen 32etan sartzeko, Utahra iritsi eta 14 egunetara eduki nuen nire lehenengo lehiaketa.
Orain arte zein emaitza lortu dituzu?
Faktorerik gabe 13-25 postuen artean ibiltzen naiz, hori partaideen araberakoa da, baina 2013an Coloradon egindako karrera batean zortzigarren bukatu nuen.
Eta alor pertsonalean?
Bizitza bat aurkitu dut. Ospitalean nintzenetik banekien zer edo zer egin nahi nuela, baina ez nuen ideiarik ere zer egin nezakeen, eta zer ez. Snowboarda probatu, snowboardcrossekin maitemindu, eta orain horretan nabil buru-belarri munduan zehar.
Istripua gertatuta zein ibilbide izan duzu kirolerako bidean?
Oztopoak mota guztikoak izan dira, baina beti eduki dut lagunen bat aurre egiten laguntzeko. Kirolean oztopoak eduki ditut, aurten adibidez bi belauna protesiko hautsi ditut, eta ez dira batere merkeak eta lesio desberdinak izaten dira gainera, baina kirol askotan bezala arazo gehienak (eta luzeenak) federazioarekin eduki ditut. Ikaragarria da zer nolako tratua dugun kirolariek eta zein zaila egiten diguten bidea lehiatzeko garaian. Mafiak leku guztietan daude. Sotxin egotea ezintasunari irabaztea da, baina baita dugun sistemari ere.
Azken batean berriz ikasi behar izan duzu ibiltzen, bai egunerokoan eta baita snowean ere. Nola egin diozu horri aurre?
Ia dena lehia bat bezala ulertzen dut. Ospitaleko erreabilitazioan beti nire aurreko eguneko markak hobetzen saiatzen nintzen, protesiekin aurreko egunean baino pauso bat gehiago ematen saiatzen nintzen, eta snowean denboren aurka nabil. Denean hobetzeko senak bultzatzen nau. Beti ere errazagoa da hori lagun onak eta familia inguruan dituzula, eta nireak ezinhobeak dira.
La Molina WC1
Eguneroko protesiak eta snowean erabiltzen direnak, zein desberdintasun dituzte?
Ibiltzekoak hanka batek egingo lukeen mugimendua egiten du pauso bat ematerakoan. Snowkoarekin ezin da ibili, eta laburbilduz, bizikletak dituzten amortiguazio sistemaren antzekoak dira lehiatzeko protesiak, jauziak eta kurbak absorbitzeko. Aurrena beti tente dabil, eta snowkoak makurtzeko eta luzatzeko mugimendua dauka.
Anekdotaren bat edo beste kontatzerik bai?
Pistan noanean euskaraz hizketan nabil nire buruarekin (eta zirkuitoarekin), eta lurrera erorita edo zeozer gaizki egiterakoan garrasika hasten naiz. Aurreko urtean taldekide amerikarrek
endio hitzak zer esan nahi zuen galdetu zidaten. Egunetara konturatu nintzen
mekabendio esaten dudala erortzen naizen bakoitzean, beraiek bukaera bakarrik ulertzen zuten.
Ezintasun fisikoa duen pertsona batek kirolen bat praktikatzea garrantzitsua dela iruditzen zaizu?
Erabat, niretzat oso garrantzitsua izan da. Oso kirolaria nintzen eta orain are gehiago, ezintasun batek ezin zaitu aldatu. Ezintasuna dutenek eta ez dutenek egin beharko lukete kirola.
Kirol adaptatuak deitzen direnek, komunikabideetan oihartzunik ez dutela uste duzu?
Egia da oso kirol egokitu gutxi ikusten direla telebistan, gehienez ere jokoak direnean, eta gainera mentzioren bat soilik egiten dute. Beste kirol askok, baina, ez dute oihartzunik ere. Gure gizarteak futbola, motorrak eta gutxi gehiago ikusten ditu.