2003/2007 legegintzaldian Oiartzungo Udaleko alkate izan zen Martin Beramendi eta tarte horretan egindako “delitu zantzuak” aurkitu ditu Donostiako Auzitegiko Instrukzio Epaitegiak. Irregulartasun horien inguruko ahozko epaiketa hasiko dute, oraindik data zehatza zehaztu ez badute ere.
Epaiketa horretan dokumentu originalak udaletxetik eramatea eta Txarako parkearen lanetan egindako “desbideraketa eta irregulartasunak” aztertuko dituzte.
Oiartzungo Udalak 2011ko ekainean sartu zuen helegitea aipatu epaitegian. Beramendik epaileen aurrean deklaratu zuen iaz eta hainbat udal teknikariek ere. Udalak gertatutakoa argitzea espero du, “oiartzuarren interesen mesedetan”.
Bestalde, Beramendik helegitea jarri zuen Aitor Etxeberria, Pavel Viñas, Tomax Aristizabal eta Manuel Goikoetxearen kontra, “kalumniengatik”, baina epaitegiek ez dute helegite hori onartu. Epailearen ustez, “delituzkoak izan daitezken ekintzan batzuen berri eman” baino ez zuten egin Etxeberriak, Viñasek, Aristizabalek eta Goikoetxeak.
Epaitegiak berak adierazi zuen kereila artxibatzerakoan Beramendiren salaketa baztertzeko orduan “ekintza horiek aztertzea erabaki” dutela, “ustez badaudelako kriminaltasun zantzuak”.
Diru publikoa “neurri gabe xahutua”
Aurreko legegintzaldiko udalak salatu zuen diru publikoa “xahutu” zuela Beramendik, dietetan eta protokolo gastu “neurrigabeak” eginez. Horren haritik, Kode Etiko bat onartu zuen udalbatzarrak 2007/2011 legegintzaldian, zinegotzien jardunari eta udal kudeaketaren gardentasunari eragiten dio Kode Etiko horrek.
2010eko azaroan Kode Etikoa aurkeztu zuten
Indarrean dagoen legegintzaldi honetan ere Kode Etiko horren alde egin du gobernu taldeak; hala, hilero egiten diren plenoetan protokolo gastuak publiko egiten dira.
[box]
Kronologia
2007-2011 legegintzaldi hasieratik ikerketak hasi ziren.
Udal berriak legegintzaldi hasieran milioi askoko erreklamazioak jaso zituen.
Kanpo auditoria bat kontratatu zen: urtebetez espedienteak eta proiektuak aztertu zituen. Ondorioa: lege-hauste eta irregulartasunak egon zirela 2003/2007 legegintzaldian.
2008-06-25: Batzorde Ikertzailea eratu zuen, udalbatzarrak. Batzorde hau konturatu zen alkatetzatik protokolo gastu izugarriak egon zirela. Udal teknikarien, beste teknikari batzuen eta abokatuen laguntzarekin ikertu zen dena.
2010-07-20: Udal langileek EAren egoitzatik 20 kaxa ekarri zituzten udaletxera.
2010-10-15: Ikerketa Batzordearen azkeneko saioa.
2010-11-02: Ikerketa Batzordeak bere emaitzak publiko egin zituen.
-4 urtean 183.600 € gastatu zituen Martin Beramendik protokolo eta ordezkapen gastuetan (62.700 alkatearen bazkari eta afaritan –jai egunetan 10.000 € gastatu zituen- luxuzko jatetxeetan eta 83.000 gehiago bazkari-afari, catering, lunch…-etan.
-Dokumentazioa: 20 kaxa eraman zituen udaletxetik Martin Beramendik alkatetza uztean. Dokumentu asko originalak eta bakarrak ziren.
2010-11-18: Hautetsientzako Kode Etikoa aurkeztu zen.
2011-06-06: Udalak kereila sartu zuen Donostiako Instrukzio Epaitegian:
-Dokumentazio ofizialen zaintzan desleialtasuna.
– Prebarikazio zantzuak: udalbatzarra saltatu izana, Txarako parkeko obretan adibidez: alkatearen eskumenekoak ez ziren erabakiak hartu eta tramite administratiboak errespetatu ez izanagatik. Martin Beramendik berak erabaki zuen diru kopuru altuko lanak esleitzea.
Udalak salatu zuen Martin Beramendiren jarrerak udal funtzionamendua zaildu zuela, arriskuan jarri zituela diru-laguntzak eta zenbait proiektu.
2011-12-01: Kode Etikoa onartu zuen plenoak (OiartzunBai ez zen joan).
2013: Martin Beramendik deklaratu zuen Donostiako Instrukzio Epaitegian, kereilatu gisa. Urtean zehar hainbat aldiz deitu zuten deklaratzera, nahiz eta deklarazioa behin eta berriz atzeratu zen.
2013-08-30: Donostiako Instrukzio Auzitegiak Martin Beramendik Oiartzungo Udalaren kontra “kalumniengatik” jarritako kereila baztertu zuen (Aitor Etxeberria, Pavel Viñas, Tomax Aristizabal eta Manuel Goikoetxearen kontra jarri zuen kereila Beramendik).
2013/12/03: Bi udal teknikari deklaratzera deitu zituzten dokumentazioarekin gertatutakoaren inguruan deklaratzeko.
2014/03/04: Epaileak delitu zantzuak badaudela esanez, ahozko epaiketarako bidea ireki du. Epaiketako data jarri gabe dago.[/box]