Hiru aurrekontu aurkeztu eta hirurak aurrera atera dituztela nabarmendu du Bilduk
Pozik da Pasaiako Bildu lehengo astearteko plenoan aurrekontuak onartu zituztelako. Nabarmendu dutenez, aurtengoa, Bilduk aurkezten duen hirugarren aurrekontua da, eta hirurak onartu dituztela gogoratu dute. Bilduren arabera, bost ardatz nagusi ditu aurtengo aurrekontuak: gastu arruntari eustea, udalerri osoan hondakinak biltzeko sistema berria abian jartzea, garbiketa zerbitzuaren kudeaketa berreskuratzea, eta sektore ahulenei bideratutako laguntzak handitzea.
Zehaztu dutenez, gaikako bilketa sistema berriarekin 140.000 euroko aurrezpena aurreikusi dute urtero eta aurten egingo duten inbertsioa bost urtetan berreskuratuko dutela esan dute. Horrez gain, 17 lanpostu berri sortuko dituztela eta gaikako bilketaren tasa %80an kokatu dela nabarmendu dute.
Bestalde, kale-garbiketaren zerbitzuaren kudeaketa berreskuratuko dutela eta, “gastuak aurreztu eta zerbitzu hobetuko dutela” esan dute. Neurri horrekin 380.000 euroko aurrezpena aurreikusten dute 2015. urtean.
Azkenik, Gizarte Ekintzetara aurrekontu osoaren %20 bideratuko dutela eta bi urtetan departamentu horretan aurrekontua %17,77 igo dela nabarmendu dute.