Aitor Puertas Sotxin
Aitor Puertas kirolari oiartzuarra Errusiako Sotxi hirian dago. Gaur hasiko diren Neguko Paralinpiar Jokoetan parte hartuko du, snowboardcrosseko modalitatean. Bihar Puertasi egindako elkarrizketa argitaratuko du HITZAk. Hona hemen aurrerapen txiki bat:
Zer esanahi du zuretzat Sotxiko joko paraolinpikoetan egotea?
Txikitatik telebistan ikusten dugun zerbait da; sekulako kirolari profesionalak eta munduko hoberenak lehian. Ni ez naiz horrela sentitzen baina urteetako sakrifizio eta lanaren opari bezala ikusten dut. Ikaragarria da.
Nolako probei egin beharko diezu aurre?
Nire proba snowboardcrossa da. Motocrosseko zirkuitu bat baina snowboard tabla gainean. Saltoak, absorzioak, paretak, bihurguneak eta peralteak ditugu.
Lehen ere snow-a praktikatzen zenuen baina oso ona ez zinela diozu. Zerk motibatu zintuen kirol horretara bideratzea?
Hanka galdu aurretik baino hobeago egin nezakeen kirola zelako. Kirol asko egiten nituen baina ezingo nintzen inoiz lehen bezain ona izan, hortaz snowboarda aukeratu nuen. Oso garrantzitsua da horrelako zerbaiten ondoren lehen bezala sentitzea, baina snowarekin nik hori gainditu dut, askoz hobea naiz orain.
Istripua gertatuta zein ibilbide izan duzu kirolerako bidean?
Oztopoak mota guztikoak izan dira, baina beti eduki dut lagunen bat aurre egiten laguntzeko. Kirolean oztopoak eduki ditut, aurten adibidez bi belauna protesiko hautsi ditut eta ez dira batere merkeak eta lesio desberdinak ere, baina kirol askotan bezala arazo gehienak (eta luzeenak) federazioarekin eduki ditut. Ikaragarria da zer nolako tratua dugun kirolariek eta zein zaila egiten diguten bidea lehiatzeko garaian. Mafiak leku guztitan daude. Sotxin egoteak ezintasunari irabaztea da baina baita dugun sistemari ere.