
Durango eta Iruñea lotzeko 50.00 lagunen parte hartzea behar da
Hilaren 15ean (larunbata) ekitaldi bat egingo du Errenteria-Oreretako Gure Esku Dago dinamikak ekainaren 8ko giza kateari bultzada emateko. Bertan, dinamikaren eta giza katearen inguruko xehetasunak emango dituztela jakinarazi du, eta herritarrei euren metroa erreserbatzeko aukera izango dutela. Ekitaldi hori 12:00etan izango da, Niessen aretoan.
Bi kilometro egokitu zaizkio Errenteria-Oreretari ekainaren 8an Durango Iruñea lotuko dituen giza katean. Horretarako 800 lagunen konpromisoa behar dutela azaldu du Gure Esku Dagok.
Hilaren 23a, gehiago
Hurrengo ekintza hilaren 23an (igandea) izango da. Foru plazan duten bulegoaren parean jarriko dira, eta kalea girotuko dute jendea izena ematera animatu dadin. Horren ondoren jakinaraziko dute zenbat lagunek eman duten izena.
Azkenik, hilaren 29an Bilboko Casillan nazio mailako ekitaldia egingo dela gogorarazi du, eta herritik autobusak aterako direla. Zerrendak bulegoan bertan jarriko dituzte.