'Herritmo' azken ikuskizuna taularatuko du Kukaik hilaren 30ean
Dantza, musika, kanta eta herri kirolak batu ditu Kukai dantza konpainiak azken lanean: Herritmo. Oreka TX eta Kalakan hirukotearekin elkarlanean osatu du ikuskizun hori, eta hilaren 30ean (igandea), Errenteria-Oreretan ikusteko aukera izango da, 18:30ean, Galtzarabordako kiroldegian.
Elementu tradizionalak eszenaratuko dituzte, baina proposamen garaikidea dela aurreratu du Kukaik. Era berean, indarra eta orekaren gaineko hausnarketa baten emaitza izan dela adierazi du: “Herri kirolak ikuspegi artistiko batetik landu dira, lanbideen mugimenduak koreografia bihurtuz eta baserriko lanabesa, soinu tresna modura baliatuz”.
Hala ere, honakoa zehaztu du: “Begira berri honen helburua ez da herri kirolen izaera ezertan aldatzea edo ordezkatzea, baiizk eta adierazpide hauen alde artistiko, indartsu, sentsual eta sakonena adieraztea”.
Trintxepeko biktimentzat
Sarrerak dagoeneko salgai daude 16 euroan, honako toki hauetan: Errenteria Hiria Kulturgunea, Desira taberna, Landare taberna eta Xenpelar kultur dendan. 16 euroetatik 1 euro, Trintxerpeko sutean kaltetuentzat izango da.