Emakumeen gorputzean erabaki burujabetza aldarrikatuko du TASek Martxoaren 8an
Txingudi Anti Sexista taldeak (bertan Irungo eta Hondarribiko hainbat eragile eta elkarte daude) emakumeen bere gorputzaren gaineko erabaki burujabeak hartzeko eskubidea aintzat hartuko du Martxoaren 8aren harira.
http://youtu.be/8suekSi5FIQ
Txingudi Anti Sexista taldeak (bertan Irungo eta Hondarribiko hainbat eragile eta elkarte daude) emakumeen bere gorputzaren gaineko erabaki burujabeak hartzeko eskubidea aintzat hartuko du Martxoaren 8aren harira. Gure gorputza, gure territorioa, gure erabakia leloarekin aurkeztu dituzte Emakumeen Egunaren harirako ekitaldiak, eta zentrala hilaren 8an, larunbatarekin, Irungo Zabaltza plazatik abiatuta egingo duten manifestazioa izango da, 19:00etatik aurrera. Irungo eta Hondarribiko herritarrak bertara joan daitezen gonbidatu dituzte.
Gaur egin dute horren aurkezpena Irungo San Juan plazan. Agiria irakurri dutenak, taldea osatzen duten eragile guztien izenean, Pablo Garmendia ELAko kidea eta Lucas Quintana Oiasso 2000 Irungo auzo elkarteen koordinakundeko kideak izan dira. Agirian TASek nabarmendu du emakumeen gorputzak “objektu pasibo gisa” erabiltzen dituztela “boteregune politiko, ideologiko eta ekonomikoek”, eta euren intereserako erabiltzen dituztela emakumeen gorputzak, “gure territorioan, gorputzean, aske senti ez gaitezen irudikatzen gaituzte”. Horren seinale Espainiako Gobernuak abian duen abortuaren legearen erreforma jarri dute.
Testuinguru ekonomiko latzak emakumeetan ere eragina esan dute TASeko kideek, “egiturazko neurri baztertzaile guztiek emakumeen etxeratzea eta familia heteropatriarkala indartzea dute helburu. Ofentsiba eskuindarra ikaragarria da”. Eta horren aurrean elkarrekin lan egiteko beharra nabarmendu du TASek, “emakumeen gorputzen gainean erabakitzeko eskubidea ukatzen duten lege, jarrera, diskurtso arrotzei desobedientzia egitea eskatzen diogu jendarteari”.