Orioko trainerua, Bartzelonan. Argazkiak: TKE.
Iaz bezala, aurten ere Bartzelonan egingo dute San Miguel Ligako lehen estropada: II. Euskadi Basque Country Bandera. Ekainaren 29an izango da.
Oarsoaldeko eta Bidasoko hiru ordezkari izango dira liga horretan: San Pedro, San Juan eta Hondarribia.
TKEk berriro Mediterraneoko uretan hastea erabaki du liga, iazko “arrakasta” ikusita, eta Eusko Jaurlaritzarekin sinatutako akordioak ahalbidetuko du hori. Bartzelonako Udalak ere begi onez ikusi du estropada. “Liga gure esparru geografikoetatik kanpo hasteko asmoari eusten diogu, gero eta jende gehiagorengana iristeko”, adierazi du Pedro Andueza TKEko presidenteak.
San Miguel Ligan parte hartuko duten hamabi traineruak izango dira Bartzelonako uretan, tartean, iazko irabazlea, Urdaibai. Eskualdeko ordezkariek hori berriro ez errepikatzen saiatuko dira.
Iazko estropada eremu bera izango da, baita sarrera eta irteera ere: Vela hoteletik irten eta San Sebastian hondartzan bukatu.