Remigio Mendibururen 'Erresonantziak', Irungo Menchu Gal aretoan
Remigio Mendiburu sortzaile hondarribiarraren 19 lanekin Erresonantziak izeneko erakusketa zabaldu dute Irungo Menchu Gal aretoan. Aretoan jartzen duten hamargarren erakusketa da, eta Gaur Taldeko artisten erakusketen jarraipena izango da, Jorge Oteizaren, Eduardo Chillidaren edo Nestor Basterretxearen sorkuntzekin ere jarri dituztelako aurretik erakusketak. Zabalik dago jada erakusketa, irailaren 14ra arte.
Irungo Udalak, eta Kutxa Fundazioak antolatu dute erakusketa. Juan Carlos Huercanos da komisarioa, eta aurreko asteko aurkezpen agerraldian Jose Antonio Santano alkateak esan zuenez, “gure garai hurbileko eskultore handi baten” erakusketa da zabaldu dutena, “eta horrek Menchu Gal aretoari bultzada emango dio”. Alkatearekin eta Huercanosekin batera Belen Sierra udal Kultura ordezkaria, eta Kutxa Fundazioko Kultura zuzendari Mikel Mendarte ere izan ziren.
Erresonantziak Remigio Mendibururen (Hondarribia 1931-Bartzeona 1990) lanaren adierazle da, eta inguruko materialek eragindako erresonantzia edo durundiak baliatzen ditu, nahiz naturalak, kulturalak edo politikoak. Baina material horiek ez dira konplexuak, egunerokoak dira, eta horrek esan nahi du Mendiburuk bere ingurunearekin harreman handia zuela, eta hori islatzen saiatzen zela. XX. mendeko bigarren erdialdeko eskultura hizkuntza eraldatzen saiatu zen hondarribiarra.
Honakoa da erakusketa ikusteko ordutegia: ostiral eta larunbatetan 18:00etatik 21:00etara, eta igandeetan 11:30etik 13:30era.