Martxoaren 8aren harira, Irungo hainbat emakume taldek eta udalak bat egin dute
Gaur aurkeztu dituzte Irungo hainbat emakume taldek eta udalak batera antolatu dituzten ekimenak, Martxoaren 8ko Emakumeen Egunaren harira. Egitaraua ez da mugatuko egun horretara, aurretik nahiz ondoren izango direlako ekitaldiak, gisa guztietakoak: musika emanaldiak, solasaldiak, film emanaldiak, bazkariak, antzerkia…
Udalaren partetik Maite Cruzado Gizarte Ongizate ordezkaria eta Fernando San Martin Gazteria eta Balio ordezkaria izan dira aurkezpenean. Martxoak 8 izenarekin berriki izendatutako kalean egin dute agerraldia, eta horri balioa eman nahi izan dio Cruzadok, eta esan du Emakumeen Egunaren harirakoak urte osoan egiten diren proiektuen erakusle direla, “baina egunotan egiten direnek balio erantsia dute”. Hau da, emakumeen eskubideen alde urte osoan egin behar dela lan aditzera eman du, baina Martxoaren 8aren harira lan hori guztia presenteago dagoela.