Olazabal Kirol Sariak banatu zituzten lehen aldiz ostiralean. Sarien izena daraman Txema Olazabal golfistak aipamen berezia jaso zuen, eta gainontzeko saridunak hauek izan ziren: Ion Areitio (gizon kirolari onena), Claudia Behobide (emakume kirolari onena), Hondarribia Arraun Elkartea (talde onena) eta Joseba Llorente (kirolarekin zerikusia duen pertsona).

Areitio, gizon kirolari onenaren Olazabal sariarekin eskuetan
Olazabal Kirol Sariak banatu zituzten lehen aldiz ostiralean. Sarien izena daraman Txema Olazabal golfistak aipamen berezia jaso zuen, eta gainontzeko saridunak hauek izan ziren: Ion Areitio (gizon kirolari onena), Claudia Behobide (emakume kirolari onena), Hondarribia Arraun Elkartea (talde onena) eta Joseba Llorente (kirolarekin zerikusia duen pertsona). Azken atal horretan bozketa oso parekatua egon zen eta bigarren sailkatua ere saritu nahi izan zuen epaimahaiak, Joseba Sarriegi.
Ion Areitio bike trial pilotua izan da gizon kirolari onenaren Olazabal Kirol Saria jasotzen lehena. Herritarrek egindako bozketan berak jaso zituen boto gehien. Saria jaso eta hiru egunera HITZArekin elkartu da eta sari hau bezala, kirol ibilbidean lortutako beste lorpen guztiak eskuratzen lagundu diotenekin gogoratu da, bereziki gurasoekin.
Egun batzuk pasatu dira saria jaso zenuenetik. Nola zaude?
Oso pozik. Sari banaketan esan nuen bezala, lorpenez aparte herrian errekonozimendua jasotzea gauza handia da niretzat eta egun batzuk pasata sinisten duzu, eta oso pozik nago.
Ia maila guztietan munduko txapeldun izan zara eta hori ez da erraza, baina sari hau jasotzea ere ez zen samurra, beste hautagaiei begiratuta.
Ez, ez da erraza. Hondarribian krixton kirol pila praktikatzen dira eta kirol guztietan maila handiko norbait badago. Orain arte maila guztietan lortu dut munduko txapelketa eta orain Elite Mailan falta zait, eta zaila izango da hori, baina Hondarribian sari hau irabaztea ere ez da erraza.
Zeini eskaintzen diozu saria?
Saria nerea da baina ni bakarrik ezingo nintzen sari hau irabaztera iritsi. Horregatik txikitatik kirol honetan lagundu didaten guraso, familia eta jende guztiari eskaintzen diet, eta bereziki gurasoei, nirekin txikitatik alde guztietara etorri direla. Beren denbora librea, oporrak, nirekin etortzeko izan dira. Beraiei bereziki eskaintzen diet saria.
Gaztea zara oraindik, baina zer esango zenieke edozein kiroletan edo bereziki txirrinduarekin hasten ari diren haur eta gaztetxoei?
Adin horretan oraindik ez dira asko garatu, kirola dibertsiorako egiten dute eta normalean ez dute helburu finkorik. Kirol bat praktikatzeko ez dira lorpenak bilatu behar, baizik eta dibertitzea. Denbora hori aprobetxatu, jendea ezagutu eta lekuak ezagutzeko. 16 urterekin adin kritikora iritsiko dira eta hortik aurrera bakoitzak erabaki beharko du zer merezi zaion, aurrera jarraitzea edo zer. Baina denak animatuko nituzke probatzera, kirolarekin kirolaz aparte beste zenbait esperientzia on irabaziko dutelako.
Eta zu, oraindik dibertitzen al zara?
Denboraldia batzuetan nekatuta bukatzen dut, baina bi astera berriro gusanilloa sartzen zait, txapelketa noiz iritsiko zain. Beti esaten dut, dibertitzen ez naizenean eskegiko dut bizikleta.
Aurten enduroko motoarekin ari zara, serioago. Bizikletarekin gutxiago ariko zarela esan nahi al du horrek?
Irailean denboraldia bukatzen da eta maiatza arte bizikletarekin entrenatzen ibiltzen naiz, baina gogorrena maiatzetik aurrera dator, Munduko Kopa maiatzetik irailera izaten da. Motoarekin zaletasun bezala hasi nintzen duela bi urte eta orain erdi serio ari naiz. Baina ez, bizikletari ez dio denborarik kentzen, baizik eta nire denbora librean aritzen naiz motoarekin.
Txapelketaren presioaz libratzeko on egingo dizu motoak…
Bai, bai. Lehen, irailean bukatu eta abenduan hasten ginen bizikletarekin entrenamendu fuerteak egiten. Baina orain, motoak bizikletan baino entrenamendu fisikoagoak eskatzen dizkit, eta fisikoki eta psikologikoki haize pixka bat hartzea ez da bat ere gaizki etortzen.