
II. Berdintasun Plana egiteko parte hartze prozesua abiatuko du udalak
Bigarren Berdintasun Plana diseinatzeko prozesua abiatu du Lezoko Udalak eta horren harira datorren astelehenean, hilak 10, deitu dute herritarrekin lehen bilera. Izan ere, herritarrak “planaren oinarri” izan behar dutela adierazi dute Ainhoa Zabalo alkateak, Dami Muñoz Ongizateko arduradunak eta Naiara Arrik Elhuyar Aholkularitza enpresako teknikariak gaur goizean Berdintasuna Plana diseinatzeko prozesua aurkezteko egin duten agerraldian. Udalak aurten abiatuko dituen hiru parte hartze prozesuetako bat Lezoko II. Berdintasun Plana diseinatzeko baliatuko duela jakinarazi du Zabalok. Parte hartze prozesuak behar beharrezkoak direla zehaztu du Zabalok, “udalak hartu behar dituen erabakiak herritarrekin kontrastatu, abesrastu eta beraiekin hartu emana lortu nahi dugu eta horretarako beharrezkoak dira halako prozesuak”
Emakume eta gizonen arteko berdintasunerako I Berdinatsun planaren gaineko balorazioa egitea izango da parte hartze prozesuaren helburua eta horrekin batera, egungo egoeraren gakoak identifikatu ondoren bigarren Berdintasun Plana diseinatzea. Elhuyarrek gidatuko duen prozesuan hiru talde berezizei dituzte: herritarrak, teknikariak eta alderdi politikoak. Talde bakoitzarekin hainbat bilera egingo dituzte. Herritarren kasuan lau egingo dituzte denera, bata datorren astelehenean 18:30ean Kultur Aretoan, eta bestea martxoaren 24an. Beste bien datak ez dituzte zehaztu. Teknikariekin hiru bilera egingo dituzte eta alderdi politikoekin bi. lehenengo fasean, apirila arte I Berdintasun Planaren ebaluaketa egingo dutela zehaztu du Arrik. Bigarren faseari helduko diote apiriletik ekainera bitartean. II. Berdinatsun Plana diseinatuko dute fase horretan. Hirugarren fasean berriz, prozesuaren balorazioa eta planaren gizarteratzea egingo dute eta udara baino lehen amaituta izango dutela aurreikusi du Arrik.
Berdintasuna definitzeko tailerra
2011. urtean onartu zuen lehenengo Berdintasun Plana Lezoko Udalak eta haren helburua emakume eta gizonen egoera hobetxea zela zehaztu du Muñozek. Hiru urteko plana adostu zela orduan eta fasea amaituta, harek eman duena ebaluatu eta bigarren plana diseinatzeko garaia heldu dela azaldu du. Udalak hainbat urrats eman dituela berdinatsunaren alorrean esan du bestalde, “Berdintasunerako diru zatiak handitu egin dira , 2013. urtean 1.600 eurokoa zen eta aurten 6.000 eurokoa da. Horrekin batera nabarmentzekoa da orain bi urtera arte ez zegoela udalean Berdintasun teknikaririk eta 2012tik aurrera Ongizatetik egiten dugu lan hori”. Oarsoalde mailan sortutako Berdintasun Mahaian parte hartzen duela Lezoko udalak aipatu du bestalde Muñozek, “eskualdean Berdinatsunarekin lotutako ekintza komunak egiteko”. Udalak iaz antolatutako autodefentsa ikastaroa, aurten egingo duena, eskualde mailako logotipo lehiaketa edo Gaxuxa emakume taldearekin batera antolatzen dituzten ekimenak ekarri ditu gogora Ongizateko arduradunak. Diseinatuko den II Berdintasun Planak “etorkizuna marrazten” lagunduko diela argi du Muñozek.
Herritarrekin astelehenean egingo duten saioa tailerra izango dela zehaztu du Elhuyarreko teknikariak: “Sentsibilizaziotik egingo dugu lanketa, berdintasunaz ari garenean zertaz ari garen aztertuko dugu, ondoren egingo dugun lanketa guztian kokatu ahal izateko. Orain arteko ibilbidean egindakoetaz ere mintzatuko dira indarguneak eta ahuleziak identifikatzeko eta etorkizunean zer landu erabaitzeko”. Hilaren 10eko saioak ematen duenaren arabera prestatuko dute herritarren egingo duten urrengo saioa. Hilaren 24ean 18:30ean Kultur Aretoan egingo dute hori ere.
Lezoar guztien parte hartzea, garrantzitsua
Lezoar guztiak animatu ditu Zabalok parte hartze prozesuan eta azken batean Berdintasun Planaren diseinuan parte hartzera: “Lezoar guztiak gonbidatu nahi ditugu, emakume, gizon, emakume taldetako ordezkariak, helduak, gazteak… denek dute lekua parte hartze prozesu honetan eta lezoar guztien ekarpenak ditugu behar beharrezkoak”.