Arratsaldeko seietan hartutako irudia da. Udalak espigoia itxita zuen.
Aurreko alerta gorriarekin baino askoz ere kalte gutxiago eragin ditu itsasoak atzo Hondarribian. Itsasgorak eta marea biziek bat egin zuten, baina olatu handienak itsasoaren maila jaisten ari zenean azaldu ziren. Naturaren indarrak argazki politak utzi zituen Butroi pasealekuan, Kai Berrian eta espigoi aldean, baina kalteak txikiagoak izan dira oraingoan.
Udalak hondartzako espigoira eta kai berrikora sartzea debekatu zuen, eta Bentako aparkalekuan hainbat leku mugatu zituen, ura bertaraino iristea espero baitzuten. Atzo arratsean eta gaur goizaldean ura sartu da aparkalekuraino, baina ez du kalterik sortu. Marea jaisten hasi denean brigadako langileak bertaratu dira eta ingurua garbitu dute.
Haizeak negutegi bat bota du
Zimizargan negutegi bat bota du haizeak, berriro. Hondarribia Abian enplegu planaren barruan udalak Botika baserriaren ondoan duen lur eremuan baratza jartzen ari den ekintzailearen negutegia da haizearen eraginez lurrera jauzi dena. Erabat muntatu gabe zeukan negutegia, aurreko denboralearekin gauza bera gertatu baitzitzaion eta berriro jartzen ari zelako. Oraingoan ere, negutegiaren egitura kaltetuta geratu da eta hainbat zati ezingo ditu aprobetxatu.
Haize ufada handiak izan ziren Zimizargan, baita herriko beste hainbat lekuetan. Muliaten, Bentan eta Leiba Jeneralaren kalean edukiontziak mugitu ditu haizeak; azken horretan kotxe bat kolpatu du. Aurreko alarma gorriarekin ere edukiontzi batek ibilgailu bat kolpatu zuen kale horretan bertan. Momentuz horiek dira atzo arratsaldetik gaur goizera arte iraun duen alarma gorriak Hondarribian eragindako kalte aipagarrienak.