
Desfileko sarituak, sari banaketan
Amuteko Auzolagunak konpartsa izan da aurtengo Hondarribiko desfileko irabazle nagusia, bi sari nagusi lortu baititu, karroza zein konpartsa onenarena. Frantziako iraultza irudikatzen zuen konpartsa osatu zuten amutearrek, erregeari burua mozten zion gillotina eta guzti (
ikusi Xabi Jb-k egindako bideoa).
Konpartsetan Pilar Peña dantza eskolarentzat izan da bigarren saria eta hirugarrena La 3 konpartsarentzat. Karrozetan, bigarren geratu dira La 3ekoak eta hirugarren Carlos Zapirain dantza akademia.
A taldean lehen saria Arantxa Izagirrek irabazi du, B taldean Jon Puentek eta C taldean Alaitz taldeak.
Erakuslehioen lehiaketari dagokionez, hamazazpi dendek hartu dute parte eta, epaimahaiaren ustez, Zuloaga kaleko Mara osagarrien saltokiak mozorrotu du hoberen erakuslehioa. Bernat Etxepareko Route 33 bigarren geratu da eta Santiago kaleko Panaderia Garmendi hirugarren.