Albert Camus Frantziako idazle eta filosofoa jaio zela ehun urte bete direlako, Irungo Ikust Alaia liburutegian hainbat jarduera antolatu dituzte, Bilboko Frantziako Institutuarekin elkarlanean. Gaur aurkeztu dute ekimena udaleko kideek (Belen Sierra Kultura ordezkariak), Javier Canteli frantsesean katedradunak, eta liburutegian frantziarrez solasaldiak antolatzen dituen Monica Zafrak. Sierrak esan du udalak “sareak eta aliantzak” osatzeko duen xedean abian jarri duela ekimena.
Denetik egingo dute liburutegian, jarduera iraunkorrak nahiz unean-unekoak. Honakoa da egitasmoen zerrenda:
- Hilaren 3tik, apirilaren 3ra, Camusen bizitzari buruzko erakusketa digital eta interaktiboa jarriko dute Ikust Alaian.
- Hilak 4 (gaur), 19:30ean, Amaia KZn, La tragedia de la felicidad dokumentalaren emanaldia. Zuzendaria Jean Daniel kazetari frantziarra da.
- Hilak 18 (asteartea), 19:30ean, Amaia KZn, Frantziako zinemaren zikloaren hasiera Les tontons flingueurs (George Lautner, 1963) lanarekin. Hilabetero, udan kenduta, ziklo honetako lan bat emango dute.
- Hilak 25 (asteartea), 19:30ean, Oiasso Erromatar Museoan, Albert Camusen Caligula lanaren gaineko literatura tertulia. Aldez aurretik eman behar da izena honetarako Oiasson bertan, bi euroan.
- Hilak 31, astelehena, 19:30ean, Ikust Alaian, Camus ou la liberté hitzaldia emango du Jose Otaola idazleak.