Emakumeek esparru publikoan zein pribatuan jasan ditzaketen eraso sexistei aurre egin eta eraso horiek kudeatzeko baliabideak emateko helburuarekin, autodefentsa gunea antolatu du Garaipen emakume elkarteak.
Ikastaro hori 14-23 urteko neskei zuzenduta dago, nerabezaro eta gaztaroan lagungarri izan dakiekela iritzita. Martxoaren 17tik ekainaren 9ra bitartean egingo dute, 19:30etik 21:00ak arte, erdialdeko bizilagunen elkartean. Ordu erdiko zazpi saio egingo dituzte, hamabostean behin, astelehenetan.
Izena martxoaren 10a baino lehen eman behar da, eta horretarako 685 75 90 91 telefono zenbakira deitu behar da, edota
garaipeneskola[a bildua]yahoo.com posta elektronikora idatzi.
Ikastaroa bukatu eta gero, aurrera egiteko asmoa azaldu dute, jendea interesatuta egonez gero.
Autoestimua eta segurtasuna handitu
Ekintza horren bidez, “autoestimua handitu, eta segurtasuna nahiz sendotasun sentsazioak areagotu” daitezkeela adierazi du Garaipenek, “eta era berean, ekintza biolentoei prebentzio eta sentsibilizazioaren bidez aurre egitea”. Horretarako, jarrera bortitza eta sexistak ezagutuko dituztela adierazi du ekintza antolatu duen elkarteak, zantzuen berri emanez.