Otsaileko plenoa
Martxoaren 8aren bueltan, emakumeen eskubideen aldeko mozioa aurkeztu zuen EH Bilduk eta gobernu taldeko kideen botoekin atera zen aurrera atzo ilunabarrean egin zuten udalbatzarrean. Eider Mitxelena Berdintasun zinegotziak nabarmendu zuen emakume guztien eguna dela martxoaren 8a eta egun horretarako Oiartzungo Emakume Feministen Asanbladak antolatu dituen ekitaldietan parte hartzera animatu zituen herritarrak.
EAJko Mikel Idiazabalek esan zuen “lorpen guztiak hor” daudela eta berdintasunera iristeko bidea “luzea” dela oraindik, “bidelagun izango gaituzue”. Dena den, abstentziorako hautua egin zuen EAJk, feminista hitza ez gustatuta, “genero berdintasuna” egokiagoa litzatekeela iritzi baitio.
Horrez gain, Petra Lekuona egoitza Gipuzkoako Foru Aldundiaren adinekoen gizarte zaintzarako sare publikoan sartzeko adierazpena onartu zuten aho batez. “Petra Lekuonak zerbitzu publiko gisa izan duen ibilbideari eta bokazioari jarraiki, senitartekoen eta langileen ordezkariekin kontsultatu ondoren, bere gain hartzen du publiko bihurtzeko konpromisoa”.
Taxibusaren zerbitzua hobetu aldera, hitzarmena aldatu egin dute. Hala, Karrika, Gurutze, Ergoien eta Legarren garraio publiko zerbitzua eskaintzeko taxibus proiektuaren hitzarmenean aldaketak egitea onartu zuten. Astelehenetik ostiralera bederatzi zerbitzu emango ditu. Aldaketen ondorioz, 5.000 euro gehiago inbertituko dira aurten aipatu zerbitzuan.