Atzerako kontaketan ari dira Antxon. Gaurtik aurrera jarriko dute martxan bertan hondakinak atez ate biltzeko sistema, eta udal langileak buru-belarri ari dira lanean gaurko dena prest egon dadin. Ontzi arinak biltzen ekingo diote sistema berrari.
Gaur eguerdian Foru Aldundiko ingurumen diputatua Iñaki Errazkin izan da Antxon, Amaia Agirregabiria alkatea eta Izakun Biurrun alkateordea lagun, barrutian egin dituzten prestaketa lanak bertatik bertara ikusten. Pasaitarrak zoriondu ditu Errazkinek, baita Pasaiako Udala ere, “atez ateko sistemara batzeko hartu duten erabakiarengatik”. Errazkinen arabera, “Pasaia bezalako udalerrien apustuei esker zabortegi kutsakorrak ixteko aukera egongo da”. Esan duenez, Gipuzkoak 2016rako %60 birziklatzea ezarri du helburutzat, eta helburu hori lortzeko bidean funtsezkotzat jo du pasaitarren erabakia.
Antxora egokituta
Antxoko alkaterode Izaskun Biurrunek azaldu duenez, Antxoren neurrira diseinatutako sistema da gaur martxan jarriko dutena. “Espazio txikian jende asko” bizi dela kontuan hartuta, eta “espaloi asko oso estuak” direla jakinda, udalak herritarrekin batera egindako parte hartze prozesuan hala erabakita, zintzilikarioez gain, hiru lokal egokitzea erabaki dutela jakinarazi du.
Lokal bat Gure Zumardian izango da, garai batean komun publikoak izan ziren tokian. Hor inguruko bizilagunentzako zintzilikarioak jarri dituzte. Baina hortaz gain, beste bi lokal egokitu dituzte: Hamarretxeta kalean bat (Gizarte Zerbitzuen lokala izandakoan) eta Zumalakarregi kalean bigarrena (Topoko azpialdeko arkupetan egokitutakoa). Aipatu bi lokaletan langileak izango dira, eta beraiek jaurtiko dute bertan izango diren edukiontzietara bizilagunek jaisten duten frakzioa, egun bakoitzean dagokiona. Baina horrez gain, bi lokalak larrialdi gune bezala erabiliko dituzte. Hau da, zehaztutako ordutegietan zakarra jaisterik ez dutenek bi lokal hautara jotzeko aukera izango dute.
Amaia Agirregabiria alkateak gogoratu du 2012ko plenoan erabaki zutela Pasaiak %70 birziklatzea lortuko zuen sistemaren alde egitea. Iazko irailean Donibanen jarri zuten martxan sistema, eta Antxokoa, bide horretan beste urrats bat egitera heldu den erabakia dela esan du alkateak.