Jose Angel Serrano herritarrak bere egoera azaldu du otsaileko plenoan etxetik kaleratzeko arriskuan baitago.
Udalbatza osoa ados jarri da Santander bankuari etxe kaleratze prozesu bat geratzeko eskatzeko eta Jose Angel Serrano herritarrarekin negoziazio prozesu bat hasteko. Talde guztiek bozkatu dute alde.
Stop Kaleratzeak aurkeztutako mozioa aurkezteko, Serranok bere egoera azaldu zuen. Martxoaren 6an aterako dute enkantera bere etxebitza, eta horrenbestez, kalean geratzeko arriskuan dago. Emaztea eta bi seme-alabarekin bizi da.
Santander bankuak zor bat erreklamatzen dio, baina Serranok adierazi duenez, iruzur baten biktima izan da. Berak dio ez zuela erreklamatzen dioten kreditu hori eskatu, eta pertsona batek bere sinadura faltsifikatu zuela. Zor hori ez pagatzeko erabakia hartu zuen. Santanderrek, ordea, zorra eskatzen jarraitzen diola adierazi du, eta hipoteka finantza erakunde horrekin duenez, etxea erreklamatzen diola. Epaiketaren zain daude.
PP hasieran mesfidati agertu zen mozioarekin, baina azkenean botoa aldatu eta aldeko bozkatu zuen.
Stop Desahuciosek txalo artean hartu zuen udalbatzaren erabakia.
Tokiko Administrazioaren Arrazionalizazio eta Jasangarritasun Legea
Madrilgo gobernuaren eskutik iritsi den Tokiko Administrazioren Arrazionalizazio eta Jasangarritasun Legearen aurrera, udalbatzak konstituzionaltasun ezaren errekurtsoari batzea erabaki du Espainiako Estatuan 3.500 udalek egitea espero den moduan. Ezker Anitzak eta PSE-EEk aurkeztu zuten mozioa, eta Bilduk babestu zuen. EAJ abstenitu egin zen, eta PPk kontra bozkatu zuen.
Urgentziaz plenoa ateratzea bozkatu zuten lehenbizi, eta aho batez onartu ondoren, hasi zen eztabaida. Talde guztiak, PP izan ezik, legearen kontra agertu ziren.
Errenteriako Ezkerrako Jose Manuel Ferradasen ustez, lege horren atzean zerbitzu publikoak pribatizatzea ezkutatzen da. Maite Peña EAK bozeramailearen arabera, udalaren autonomia eta Euskal Herriko udal eredua urratzen du legeak. Hala ere, abstentzioaren alde egin zuen, Madrilen egiten ari diren negoziaketak direla eta. PPko Jose Manuel Herzogek legea defendatu zuen, eta udal baliabideen “eraginkortasuna” bilatzen duela esan zuen. Era berean, gezurtatu egin zuen pribatizazioa bilatzen duela. PSE-EEk bat egin zuen Ezker Anitzarekin, eta zerbitzu publikoak “irizpide ekonomikoekin bakarrik” ezin direla aurrera eraman esan zuen. Bilduko Luisma Diez, azkenik, lege horrek atzerakada bat ekarriko duela azaldu zuen, eta administrazioaren zentralizaziora eramango duela gaineratu, udalari “oso konpetentzia gutxi” geratuko zaizkiola.
Gainontzeko puntuak, konpromiso kredituen espedientea, aurrekontu aldaketa kredituari dagokionez eta Eskola Kontseiluaren sorrera aurrera atera ziren.