'Garai berriak' Pasaiako portuan
Urte bete joan da Pasaiako Portuko Agintaritzan ( P.P.A.) lehendakaria aldatu zutenetik, beste behin ere, Eusko Jaurlaritzako kudeatzaileen aldaketa bitarte. Ezagun den moduan, Pasaiako portua Espainiar erreinuko Sustapen Ministerioko Estatuko Portuak erakundearen menpe dago, uneko gobernu autonomikoak izenda dezakeelarik bere administrazio kontseiluko lehendakaria. Honek guztiak, berez azaltzen du karguaren erabakiak hartzeko gaitasuna, izendapenak Gasteizen agintean dagoen alderdiaren apetaren araberakoak izatea dakarrelarik; hau da, alderdiko kideak goi-karguetan jartzea, dagokien soldatarekin (publikoa ez dena, baina imajina dezakezuena). Horixe da portu bateko lehendakari izateko eskakizun bakarra: ez da gaitasun profesional zehatzik eskatzen, ez curriculum loteslerik, ez eskarmenturik, ez azterketa edo oposaketarik gainditzerik, ez hizkuntza perfilik… Alderdian aldabak izate hutsarekin posturako egokia zara… Horrela bakarrik azal daiteke zazpi urtean hau laugarren lehendakaria izatea: izendatzen dituzte, alderdiaren ildoa ezartzen dute, Madrilek agintzen duena betetzen dute eta badoaz beste kargu batera edo etxera, erretiro ederrarekin.Hauxe kudeaketa eredugarria !!! Orain EAJ tokatu zaigu.Zaharrak berri….
Perfil hertsiki politikoa kontuan hartuz, suposatzen da lehendakariaren lana esparru instituzionalean bere goi-zuzendaritzako soldata irabaztea dela, zubiak eraikiz, portuko agenteen artean jardute egokien politikak antolatuz, kontaktuak erraztuz… Ez, bada! Pasaiako Udalarekiko harremanak oso txarrak izaten jarraitzen dute, udalbatza osoaren planto bat ere eragiteraino otsaileko bilera batera prentsaren bitartez deituak izanagatik. Ez dira gai Jaizkibia bezalako txiringito bat desegiteko, portua eskaintzarik onenarekin zetorrenari saltzeko sortua eta Pasaiako Portuko Agintaritzari 2 milioi euroko galera sortu diona. Gasteizko gobernuaren milioi 1 euro galdu dira arrain-lonja berrirako. Ez dute Iberdrolarekin adostu jarduera-tasak sortzen dituen milaka euroen ordainketa, Donibaneko zentral termikoaren suntsitzea egiten den bitartean… Eta badiaren birsorkuntzarako hartutako konpromisoen inguruan, non geratu da Lezoko kaien eta Donibane arteko barne-errepidearen proiektua, kaien arteko trafikoa errazteko eta eskualde-errepidea kamioiz arintzeko? Zergatik ez da jartzen haizeak duela urte bete baino gehiago eraitsitako Kaputxinoseko kutsaduraren aurkako hesia? Zergatik dirudi Herrera Iparraldeak bonbardaketa baten osteko paisaia? Azken itsas-denboraleetan, kostalde guztia alerta gorrian zegoenean, sortutako kalteek edo Baionako itsasontziak erakusten duten moduan, zergatik ez ziren segurtasun protokoloak eta Pasaiako portuko larrialdietarako plana aktibatu?
Izendatu zutenean, kanpo-portuaren zama generaman soinean, aurreko EAJ, PSOE edo PPko lehendakarien urteetan zeharreko babesak aurre-azterketetan soilik 3 bat milioi euro jan dituena. Ricardo Peñari ez zaio oparoaldirik egokitu, eta Madrilen momentuz proiektu horretan ez inbertitzea erabaki dutenez, alde batera utzi behar izan du eta portu hau sartu zen zulotik ateratzeko lanari ekin. Lan zaila, oinordetzan hartutako zuzendaritza talde osoa superportuaren txiparekin zegoelako, egungo portua eta dagoen bakarra, gure Pasaiako portu txiki baina dinamikoa, gosez hiltzen utziz.
LABeko sail sindikalak, enpresa batzordeko gainerakoekin batera, erdi hondoratua zegoen itsasontzi hau hondotik ateratzen laguntzeko jarreran jarri zen, harremanak lankidetzara zuzenduak zirelarik irailean 59 neurriko Ekintza Plan bat aurkeztu ziguten arte, non neurrien ia erdia pertsonal gastuen jaitsierara zuzentzen zen, eta Madrileko PPSOEk eskaintzen dizkien erreforma eta murrizketak aplikatuz, PPAko langileak denbora gehiagoz eta soldata gutxiagoz lan egitera behartu. Langileok, noski, Plan horren aurkako jarrera hartzen dugu, 2010az geroztik gobernu zentralak eta bankariek azpikeriaz prestatutako maula pairatzen ari baikara: urtean 200 ordu gehiago egiten dugu lan, %20 gutxiago kobratuz. Ekintza Plan horretan Mediku Zerbitzuaren kalitatea murrizten da, Euskara Plana geratzen da, bideo bidezko zaintzaren instalazioarekin lanpostuak suntsitu ahal dira, ordezkapenak egiteko behin-behinekoen kontratazioa ukatzen da, kontratei uko egiten zaie edo jarraitzen dutenak are gehiago estutasunetan jarri… Ricardo Peña Urkullu bere lagunaren ikasle ona da: gobernu autonomoaren menpeko 4000 lanpostu suntsitzen ditu lana sortuko duela agintzen duen bitartean.
Horren guztiaren aurrean langileek asanbladan erabakitzen dute mobilizazioekin, protestekin eta Zuzendaritzari edo Lehendakariari interpelazioekin jarraitzea, eurok beste instituzio baterako igarobidean baino ez dauden goi-kargu politikoek hain ohiko duten larderiarekin erantzuten dutelarik. Hori baita baloratuko zaien gauza bakarra: larderia eta autoritarismoa, itsasontzia hondora badoa edo behea jotzen badu ere.
Sastakaia abenduan iritsi zen, urteroko produktibitatearen plusa desagertzen zela adieraztean, azkenean presio sindikala tarteko lortu ez badu ere. Eta gainera, otsailaren 21erako ordezkapen kontratuarekin zegoen langile baten kaleratzearen berri ematen dute, gelditu ezin izan duguna baina bide judizialetik irabaztea espero duguna. Orduz geroztik presidente jaunak bai Langileen Batzordea, bai LABeko atal sindikalarekin harremanak etetea erabaki du, berorri “barkamena eskatu bitartean”….
Hauxe da LABen iritziz PPAko Lehendakari bezala Ricardo Peñaren lehen urteko balantzea. Portuko bapore eta gaien trafikoak orain 40 urteko zenbakietan darrai… instituzioek 3 milioi euro sor dizkigute… baina irtenbidea, “garai berri” hauetan, garai batean hartzen zen bera da: haien kudeaketa txarraren ondorioak langileen lepo gainean jartzea, langileak bazter uztea, euren ordezkariak gutxiestea, eskubideak kentzea, soldatak jaistea eta kaleratzen bazaituzte, errepresioa.
Garai batean, diktadura esaten zitzaion; gaur, Pasaian, Ekintza Plana.
Pasaian 2014ko otsailaren 25ean
P.P.A.ko LABeko atal sindikala