Teresa Errandonearen zilarra eta Olatz Arrietaren brontzea Espainiako Txapelketan
Bidasoa Atletiko Taldea-Super Amara taldeko emakumeek oso lan ona egin dute Pista Estaliko Atletismoko Espainiako Txapelketan. Teresa Errandonea bigarrena izan zen 60 metro hesietako proban, hortaz, zilarrezko domina irabazi zuen, Caridad Jerez faborito nagusiaren atzetik. Gainera, 8 segundo eta 35 ehuneneko denborarekin, Gipuzkoako errekorra egin zuen. Olatz Arrieta hondarribiarrak, gainera, brontzezko domina eskuratu zuen luzera jauzian, 6,14 metroko jauziarekin; proba horretan Errandonea laugarrena izan zen.
Gipuzkoako Foru Aldundia pozik agertu da Irungo atletek, eta horiez gain beste hainbat emakume kirolarik asteburuan lortu dituzten emaitzekin; izan ere, Ibarrako emakumeen sokatira taldeak brontzezko domina lortu zuen Irlandako Munduko Txapelketan. Horrela, Ikerne Badiola Kultura, Gaztedia eta Kirol diputatuak emakume kirolari horiek zoriondu ditu, eta esan du emaitza horiek “ahalegin baten ondorio” izan direla.