Orain arte ezagutu gabeko ekitaldia jasoko du Itsas Etxea Auditoriumak ostiralean, Olazabal Kirol Sarien gala. Igor Emery kirolari eta kazetariak aurkeztuko eta gidatuko du saioa. 20:00etan hasiko da eta ordura arte ezingo da jakin zeintzuk izango diren azken bi urtetan kirol arloan bereizi diren gizon, emakume talde eta kirolarekin harremana duen pertsona, lau kategoria horiek sarituko baitituzte.
Orain arte ezagutu gabeko ekitaldia jasoko du Itsas Etxea Auditoriumak ostiralean, Olazabal Kirol Sarien gala. “Kirolaren inguruan lan egiten duten agente desberdinen hitzordua izango da ostiraleko ekitaldia”, esan du Txomin Sagarzazu Hondarribiko Udaleko Kirol zinegotziak. Igor Emery kirolari eta kazetariak aurkeztuko eta gidatuko du saioa. 20:00etan hasiko da eta ordura arte ezingo da jakin zeintzuk izango diren azken bi urtetan kirol arloan bereizi diren gizon, emakume talde eta kirolarekin harremana duen pertsona, lau horiek sarituko baitituzte Olazabal Kirol Sarien lehen ekitaldian.
Txomin Sagarzazu zinegotzia
Lehen aldia da udalak herriko kirolarien jarduna aintzat hartzeko sariak antolatzen dituela eta saridunak aukeratzeko modua herritarren parte hartzea izatea nahi izan dute. Hala, udalak herriko kirolariak jarraitzen dituzten komunikabideei —haien artean HITZA— eta kirol elkarteei eskatu zien hautagaiak aukeratzeko, eta herritarrek hautagai horien artean bozkatzeko aukera izan dute.
550 lagunek bozkatu dute, hamarretik bederatzi udal webgunearen bitartez, eta lortutako erantzunarekin pozik dagoela esan du Sagarzazuk: “Eskerrak eman nahi dizkiet kirolariak omentzeko ekitaldi honetan parte hartu duten guztiei. Alde batetik, Hondarribiko kirolariak aukeratu dituzten kirol klub eta kazetariei. Bigarrenik, eman diren botoen kopurua nabarmendu nahi nuke, hau da, bozketan parte hartu duten hondarribiarren botoak. 550 herritarrek hartu dute parte, eta kopuru hori oso interesgarria da, omentze ekitaldiari indar gehiago ematen baitio”.
Gonbidapenak Arma Plazan
Laguntzaile eta hautagai izan diren guztiak gonbidatu ditu udalak eta ez dira gutxi. Horiek betetzen ez dituzten eserlekuetan eseri egiteko aukera dute herritarrek, Arma Plaza Interpretazio Zentroan jarri dituztelako gonbidapenak eskuragarri, doan. Ez dira asko Arma Plazan dauden gonbidapenak eta, hortaz, azkar ibiltzea komeni da.
Udalak aurreratu duenez ekitaldi “xumea” izango da ostiralekoa, protagonistak kirolariak beraiek izatea nahi dutelako. Baina, sarien Txema Olazabalen izena edukita eta herriko Itsas Etxean bilduko den kirol ordezkaritza kontuan izanik, ez dirudi gala xumea izango denik, kilate handikoa baizik.
Hautagaiak
Emakume kirolaria
- Claudia Behobide, atletismoa.
- Itsaso Gonzalez, hipika.
- Lidia Yarza, judo.
- Mirene Etxeberria, arku tiraketa.
- Olatz Arrieta, atletismoa.
Gizon kirolaria
- Ander Vilariño, automobilismoa.
- Borja Ponte, bela.
- Ander Perez, arrantza.
- Eneko Badiola, eskubaloia.
- Ion Areitio, bike trial.
- Iker Otegi, judo/sambo borroka.
- Iokin Sagarzazu, judo.
- Xabier Soto, atletismoa.
- Ioseba Amunarriz, arrauna.
- Xabier Gonzalez Prieto, hipika.
Kirol elkartea
- Azeri Arku Tiraketa.
- Ama Guadalupekoa Judo Taldea.
- Hondarribia Arraun Elkartea.
- Hondarribia Futbol Elkartea.
- Hondarribia Pilota Eskola.
Kirolarekin harremana duen pertsona
- Javier Intxausti, Sport Mundiko zuzendaria.
- Joseba Llorente, futbolari ohia.
- Joseba Sarriegi, kirolaren alde lan egindakoa.
- Miguel Angel Izquierdo, eskubaloi entrenatzailea.
- Leontxo Garcia, xake maisua eta kazetaria.
- Mikel Jauregi, futbol hezitzaile eta entrenatzailea.
- Peio Arruabarrena, hezitzailea.