Irunen euskararen erabilera sustatzeko "hitzetatik ekintzetara" pasatzeko eskatu du EAJk
Irungo Udalean Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana aztergai izango dute bihar Irungo Udaleko zinegotziek udalbatzarrean (19:30ean hasiko da), eta horren harira, udal gobernu taldeari kritika luzatu dio Irungo EAJk Xabier Iridoy udal bozeramailearen hitzetan: “Udalean euskararen erabilera sustatzeko, ezinbestekoa da hitzetatik ekintzetara pasatzea”. Izan ere, planaren testuarekin ados dagoela nabarmendu du Iridoyk, baina “idatzitakoa ekintzetara pasatzea” ezinbesteko da jeltzalearentzat”, eta horretan udal gobernu taldearen “itxurakeria” ikusi du, “benetako borondatea eta konpromisoa” baino.
Baieztapen batetik abiatu da Iridoy esateko oraindik euskararen normalizazioaren bidean udalean lan handia egiteko dagoela esateko: “euskararen erabilerarik baxuena politikarien eta langileen arteko harremanean ematen da, eta bestetik, langileek gehiago egiten dute euskaraz udaletxetik kanpo lanean baino. Horrek erakusten duena da udalak bere langileak erdaldundu egiten dituela”.
Horrela, normalizazioaren aldeko konpromisoa adierazi du EAJk, eta horren erakusletzat eman du 2014ko aurrekontuetarako proposamena egin zuela, langileek dituzten aplikazio informatikoak euskaraz jartzeko asmoarekin, “udalbatzak hori egiteko konpromisoa hartu zuen, baina udal gobernuak ez du esandakoa bete. Berriki udal langileen ehun ordenagailu aldatu dira aplikazio informatikoak euskaraz jartzeko aukera eman gabe”.