Igande honetan, hilak 2, aterako da lasterketa, 11:00etan, Susperregi jatetxetik. Ondoren, haurren lasterketaren txanda izango da, 12:15ean.
Zazpigarrenez egingo dute Errenteriako Txakurkrosa, baina aurten, era berean, Euskadiko Txapelketa izango da. Lehenengoz egingo dute lasterketa hori. Igande honetan, hilak 2 izango da. Federatuez gain, ordea, herritarrek ere parte hartu ahal izango dute.
Horretarako izena ostirala baino lehen eman beharko da,
http://www.herrikrossa.com webgunean. Federatuta ez daudenek 18 euro ordaindu beharko dute, eta federatuek 15 euro. Egunean bertan ere izena emateko aukera izango da, baina garestiagoa izango da izen ematea: 25 euro ez federatuek eta 20 euro federatuek.
Lasterketa 11:00etan abiatuko da Susperregi jatetxetik. 10 kilometroko ibilbidea egin beharko dute korrikalariek euren txakurrekin batera. Irten eta segituan, mendi tontor bat igo beharko dute, eta berriro bueltan Susperregiraino jaitsiko dira. Hor eskuinera hartuko dute, eta berriro gora egingo dute Malmazargo bordaraino. Beste behin jatetxera jaitsiko dira, helmugaraino. Irteera puntua 313 metroko garaieran dago, eta puntu garaienak 443 metro ditu.
Txakurkrosa Oarsoaldean talde antolatzaileak jakinarazi duenez, dutxak ere izango dira: “Perurena inguruan ezker aldean dagoen frontoian izango dira dutxak 14:00ak arte, baita Beraungo futbol zelaian ere”.
Txakurkros txikia
Helduez gain, haurrek ere parte hartu ahal izango dute, eta 4-12 urtekoek heldu batek lagunduta. Horien lasterketa 12:15ean abiatuko da. Izena emateko arroskenea[abildua]telefonica.net helbidera idatzi beharko honako datu hauek zehaztuta: izen-abizenak, adina,gurasoaren izena eta txakurraren izena.