EAJk "herriari bizkar emanda" aritzea leporatu dio Bilduri
Atez-atekoaren gainean kontsulta nahiko luke EAJk Pasaian, eta hori bera eskatu dute behin baino gehiagotan. Oraingoan, baina, “alkate andereak” EAJk aurkeztu dituen “ekimenak geratu nahian” dabilela salatu dute jeltzaleek, herri kontsultari aipamen zehatza eginez. “Abenduan aurkeztu zen eta oraindik udal gobernuak ez du udalbatzara eraman”, kexatu da EAJko bozeramaile Nahikari Otermin.
Oterminen aburuz, herritarren gehiengoa atez atekoaren kontra dagoen arren, Bildu ez da jarrera hori kontuan hartzen ari. Horregatik, “hausnarketa egiteko” eta “atez ateko sistema inposatzen ez jarraitzeko” eskatu dio alkateari.
Bosgarren edukiontzia
EAJk Pasaian bosgarren edukiontzia ezartzearen aldekoa da, haien ustez, “datuek agerian utzi dutelako bosgarren edukiontziarekin atez atekoarekin baino emaitza hobeak lor daitezkeela”. Hori dela eta, beste udalerri askotan egin duten apustu bera Pasaian egiteko eskatu dute, bosgarren edukiontzia ezartzea eraginkorragoa izateaz gain, merkeagoa ere delakoan.
Eskalantegi kaleaz
Eskalantegi, Buenavista eta Berrako bizilagunei Antxoko sistemara batzeko egin zaien gonbidapenaren harira, EAJk dio, udalak “etxea teilatutik” hasi duela. Donostiako udalarekin harremanetan ari da Pasaiako udala, zergak Donostian ordaindu arren, zaborra Pasaiara jaitsiko duten bizilagunen kasuan zer egin daitekeen adosteko. Erabakia, ordea, ez dute oraindik hartu, eta horrek eragin du jeltzaleen kexa. “Zer gertatuko litzateke Donostiako alkateak pasaitarrei bosgarren edukiontzira batzeko deia eginez gero? Honek guztiak agerian uzten du udal gobernua inprobisazioz jokatzen eta ezartzen ari dela atez atekoa”, salatu dute.