Zintzilikarioak jartzeari ekin dio udalak
Dena prestatzen ari dira Pasai Antxon ostegunean atez ateko bilketari ekin ahal izateko. Gaur goizean goizetik poltsak uzteko zintzilikarioak jartzen ari dira. Horrez gain, zakarrontzi zaharrak kentzen, eta merkatariei hondakinak bereizteko behar duten materiala banatzen aritu dira. Asteazkenerako komertzio guztietan egin behar duten banaketa bukatzea aurreikusia du udalak, barrutiko alkateorde Izaskun Biurrunek lehengo ostiralean iragarri zuenez. Zakarraren edukiontzi zaharrak asteazkenean jasoko dituztela iragarri zuen Biurrunek, eta horrez gain, topoaren azpialdeko arkupetan atondu behar dituzten guneak egokitzeko hiru arku itxiko dituztela jakinarazi zuen.
Ontzi arinen bilketarekin hasiko da, honenbestez, aldaketa. Ostegunean bertan jasoko dituzte. Horrez gain, egun berean, altzari zaharrak eta gainontzeko boluminosoak bilduko dituzte. Horietarako lau gune berri ezarriko dituzte; Zumalakarregi kalean jarriko dute gune bat, beste Biteri plazaren ondoan, garai bateko tenentzian, hirugarren bat Luzuriagako aparkalekuaren irteeran Kupeldegi eta Harrarretxeta kaleen artean, eta azkena, Gelasio Aranburu kalean, oinezko zubiaren ondoan, Katuen Etxadiara bidean.