Legorburu eta Albisturrek irabazi dute Iparragirre Saria
Iparragirre Sarien bertsopaper atalean bi errenteriar izan dira garaile: Iñigo Legorburu eta Aitor Albistur. Berdinduta geratu dira biak, eta Gorka Azkarate epaimahaiko bozeramaileak nabarmendu duenez, bi lan horiek beste bertso sorten gainetik nabarmendu ziren, eta euren artean hain ezberdinak izanda, bi lanak saritzea erabaki dute.
Epaimahaian Zumarragako bertso eskolako kideak aritu dira. Hain zuzen, sariak Urretxu eta Zumarragako udalek antolatu dituzte.
Lanak
Legorbururen lanaren izenburua Ama izango naiz da, eta haurdunaldi baten kronika azaltzen du “umore eta ironia handiz”. Xabier Silveiraren ETAren su-etenetik doinuan idatzita dago.
Albisturrek, berriz, Natasha lana idatzi du, eta prostituta baten gorabeherak azaltzen ditu, modu dramatikoagoan. Xabier Amurizaren Gai honek badu mamia doinua erabili du.
500 euroko saria konpartitu dute, eta koadroa eta diploma ere eskuratu dituzte. Euren lanak ere argitaratuko dituzte.
Aurretik, Julian Albistur Xenpelar Bertso Eskolako kideak irabazi du sari hori bitan.