Irungo Agerre aldeko herritarrek euren etxebizitzen gaineko argibideak eskatu dituzte
Irungo Agerre kaleko 2,4,6,eta 8 atarietako, Agerre Txiki baserriko, eta Guevara Borda 3 etxeko kideek euren etxebizitzen egoerari buruzko argibideak jasotzeko mahaia sor dadila eskatu dute. Izan ere, bertakoen arabera, eta inguru horren hiri ordenazioaren harira, “40 urte ezjakintasun batean” daudela salatu dute. Eta horrek euren egunerokoak eragin nabarmena duela jakinarazi: ezin dituzten euren etxebizitzen mantenu lanak egin, udalak ez ditu zerbitzuak eramaten (zaborra, kale garbiketa…), ez dira urbanizazio lanak egiten: “ondasun higiezinen eta zaborren zergak legez ordaindu ditugu gure inguruaren hondamendia ikusten dugun bitartean”.
Bizilagun horiek salatu dute eskaera horien gaineko “erantzun ofizialik gabe” jarraitzen dutela, “ez digute soluziorik eman”. Eta horregatik euren gaiarekin mozioa aurkeztu dute hurrengo udalbatzarrean azter dadin, “elkarrizketa mahai bat osatzeko auzokideen, udal gobernuaren, oposizioko alderdien eta dagokien elkarteen artekoa, banakako eta kolektibo soluzioak denon artean bilatzeko”.
Euren etxebizitzen egoeraz gain, inguruari ere arreta jarri diote, eta inguruko industriek eragindako zarata eta zikintasuna, nahiz industria horiek tokiz aldatzen direnean izan diren arazoak, “bazterkerian bizi diren pertsonak doaz horietara” kezka iturri da auzokideentzako.