Asteazkenean egingo dute azeri dantzaren entsegua
Ereintza dantza taldeak ohi bezala, inauteriei ongietorria eta agurra egingo die. Hasteko, azeri dantza antolatu du ostegunerako, eta hurrengo astearterako, berriz, sardinaren ehorzketa.
Herritar guztiei egin diete deialdia osteguneko ekintzan parte hartzeko. Horretarako ez dela dantzan abila izan behar esan dute Ereintzako kideek, eta oinarrizko pausoak jakiteko, entsegua egingo dutela asteazkenean jakinarazi dute. Asteazkenean izango da 20:30ean, Ereintza elkartean.
Ostegunean, berriz, 19:00etan aterako dira elkartetik, eta Bittor Idiazabal, Juan Olazabal, Biteri kalea, Morrongilleta, Esmalteria, Maria Lezo, Madalena eta Herriko Plazan ariko dira. Azken horretan, dantza saioa egingo dute 20:15ean.
Sardinaren ehorzketa
Hurrengo asteartean, martxoak 4, sardinaren ehorzketa egingo dute. Sardina herrian barrena erakutsiko dute, eta gero, Oiartzun ibaira botako dute Panier zubitik. Era honetara, agur esango diete hurrengo urtera arte inauteriei.
Desfilea udal txistulari bandak eta Amulletako danbor jotzaileek lagunduta egingo dute. Ibilbidean zehar, egun horretarako espresuki prestatutako dantza erakutsiko dute Herriko Plazan.