
Schondorf parkeko mahai bat hautsita. (Argazkia: PSE-EE)
Errenteriako PSE-EEren ustez udaleko Hiri Mantenu Sailak ez du bere egitekoa betetzen, “hiri garbiketarako, hiri altzariak aldatzeko edo mantentzeko, asfaltatze lanak egiteko, edo aparkalekuetan hobekuntzak egiteko partidak murritzak direlako aurrekontuan”. Hori esateko “hainbat herritarrek” emandako azalpenetan nahiz eurek ateratako ondorioetan oinarritu dira, “baina hori ez da ezustea izan guretzat. Denbora daramagu, eta hainbat batzordetan horrela adierazi dugu, utzikeria egoera hori salatzen”.
Sozialisten udal taldearen eledun Jose Angel Rodriguezen arabera, “ez dira seriotasunez hartzen beharrak eta eskariak”, eta hainbat gai egunera jartzea bi urte baino gehiago kostatu duela jakinarazi du. Eta adibide zehatz bezala jarri ditu Fanderian, Oiartzun ibaiaren ondoan dagoen pasealekuko gimnasiarako apartuak nahiz ingurune osoa: “2011ko azaroko uholdeengatik egoera txarrean dago hori guztia. Nahiz eta maiz abisuak eman ditugun, ez dira saiatu ere horiek konpontzen”.
Fanderiako errotan “duela hilabete askotik hasi gabe” dauden obrak daudela ere esan dute sozialistek, Aiako Harria kaleko atzealdeko zonaldea “gaizki” dagoela adierazi dute, eta Pontikako bidegorria “zaindu gabe” dagoela ziurtatu dute ere sozialistek. Heion berean kaleko zabor ontziak, bankuak, haurren parkeak ez daudela egoki esan dute, eta adierazi dute “pankartak eta pintaketak telebistaren bat herrira datorrenean” kentzen dituztela.