Sukaldaritza tailerra antolatu du Lezoko Irrien lagunak taldeak
Sukaldatzen jarriko ditu Irrien Lagunak taldeak Lezoko haur eta gurasoak larunbatean. Gailetak egiten ikasteko tailerra egingo dute 11:00etatik aurrera Pasaia-Lezo Lizeo ikastolaren jantokian. Familiei begira antolatu dute tailerra eta parte hartzaileek 375 gramo gurin, bi arrautza, ontzia eta barila, eta gailetek forma emateko moldea eraman beharko dituzte etxetik. Goizean prestatutako gailetak arratsaldean jango dituzte, Trapujale dantza ikasteko tailerra amaitzen denean.
Tolosako Inauterietara irteera antolatu du bestalde Irrien Lagunak taldeak. Martxoaren 2an egingo dute irteera eta horretarako 10:00etan egin dute hitzordua Lezoko plazan. Trenez joango dira Tolosara egun pasa egitera eta trapujalez jantzita azaltzeko eskatu diete herritarrei. Herriko inauterietan parte hartzera ere deitu ditu Lezoko Irrien Lagunak taldeak lezoar guztiak.