Pasaia Zero Zabor: "Hondakinak gaika bereiztea herritarron erantzukizuna da"
Antxon aurki hondakinak atez ate biltzeari ekingo diotela eta, Pasaia Zero Zaborrek hedabideen bidez erantzun dio Pasai Garbiari. Pasaia Zero Zabor taldearen arabera, Donibanen”hondakinak arazo eta kutsadura iturri izatetik, baliabide bezala kudeatzeko aroari” hasiera eman diote. Eredugarritzat jotzen dute sanjuandarren portaera, eta zentzu horretan Pasaia Garbiarentzat “gezurrekin estaltzen jarraitzeko errealitatea handiegia egin dela” iritzi diote. “Non dira arratoiak? non zikinak? Non zuen argazkiak?” galdetu diete. “Errealitateak lotsagarri uzteko beldurrak, trepetak jaso eta Antxoko frontera mudatzera eraman zaituzte”, gaineratu dute.
Zero Zabor taldearen arabera, “atez ateko bilketa sistema, eraginkorra, erosoa, garbia eta merkeena da”. Esan dutenez, “Donibane da horren guztiaren froga”. Horregatik argi dute zer dela eta duen Pasaia Garbiak atez ateko sistema “gatazka iturburu bilakatzeko interesa”: “gure osasunaren eta ingurumenaren kontura, bestelako etekinak atera nahian dabilenik ez delako falta”.
Zabaldu dutenez, Donibanen atez ateko sistema ezarriz geroztik %29 birziklatzetik %85 birziklatzera igaro dira. Kopuruak Pasaia osorako eredu eta mugarritzat dute.
Eskalantegi kalea
Antxon Eskalantegi kalea dago askoren jomugan. Kalea Donostia da berez, nahiz eta Antxon txertatua egon eta bertakoek egunerokotasuna Pasaian egin. Horregatik denon ahotan da zer gertatuko ote den hango edukiontzietan Antxon atez ateko bilketa sistema ezartzen dutenean. Udalak Antxoko sistemara batzeko aukera eskaini die bertako bizilagunei, baita Beuenavista eta Berrakoei ere (kasu berean daudelako), eta Donostiako Udalarekin harremanetan ari da, Pasaiako sistemara batzen diren bizilagunen zergekin-eta zer egin daitekeen adosteko. Bien bitartean, baina, zaborra Eskalantegi kalera eramateko deia zabaldu du Pasaia Garbiak. “Ze gisa baliotan, eskalan, kokatzen duzue zuen ekinbide berri hau”, galdetzen die Pasaia Zero Zaborrek. “Zabor turismorako txartelik ez dugu nahi, eskerrik asko. Zuen boikoterako deiak ez gaitu askorik limurtzen”, esan diete.
Azkenik, bi mezu igorri dizkio Pasaia zero Zaborrek Pasaia Garbiari. Pasaia Zabor taldearen arabera, “ez birziklatzeko eskubidea ezin da erreferendum baten bidez kitatu nahiz eta galdeketen bidez batzuk hori zilegi bilakatu” nahi duten, eta azkenik, “hondakinak gaika bereiztea herritarron erantzukizuna” dela berretsi dute. “Ezin dugu hurrengo belaunaldiak hipotekatuz, kutsatu edo ez kutsatzea erabaki”, gaineratu dute.