"Kalitateko zerbitzuak eskaintzen jarraitu" nahi du aurten udalak
Zerbitzuen departamentuak aurten helburu bakarra izango duela adierazi du gaur goizean Juan Mari Altuna zinegotziak: “udalaren egonkortasuna bermatu eta kalitatezko zerbitzuak eskaintzen jarraitu. Ez da erraza, baina muturreko neurrietara ez dugu joan behar izan egungo egoerara egokitzeko”. Udal aurrekontua atalka azaltzeko egiten ari diren zinegotzien errondaren barruan, zerbitzuei egokitu zaie gaur goizean eta agerraldi horretan egin ditu adierazpenak Altunak.
3.772.429 euroko aurrekontua izango du aurten zerbitzuetako departamentuak, udal aurrekontuaren %22,70. “Inbertsiorik edo obrarik ez badago jaisten da eta inbertsioekin igotzen da, baina beti %19 -22 bitartean izaten da”, argitu du Altunak. Aurten Minasoroeta-Zumardia eremuan egingo dituzte obrak. Iaz Eroski pareko aparkalekuarekin hasi ziren eta eremu horretan bidegorri zatiak egokitu zituzten. Eremu hori biribildu nahiko luke udalak aurten.
Horrez gain, beste 25.000 euro gastatuko luke departamentuak Amuten semaforo berria jartzeko. Oraingoa dagoen lekutik gertu egongo litzateke, baina leku zehatza aukeratzeko teknikariek kontuan eduki beharko dute aldundiak biribilgunea egingo duela zubiaren aldean eta obrak aurten bertan hastea espero dutela.
Diru gehiena obretan, hondakinetan eta argian
Zerbitzuetako aurrekontuko partida handienak obra eta zerbitzuena, hondakinena eta argiteriarena dira, 1.175.776, 898.326 eta 809.000 eurokoak hurrenez hurren. Obra eta zerbitzuetako zati handiena pertsonalak eramaten du (482.000 euro) eta gainontzekoa hainbat partidetan banatzen da, horien artean 300.000 euroko bat kale bideak konpontzeko eta 100.000 euroko beste bat komun publikoetarako.
Argiteriari dagokionez zinegotziak nabarmendu zuen “egiten ditugun esfortzu guztiak eginda ere, argiaren faktura hazi” egin dela azken bi urtetan, lehen ez zeuden bi eremu gehiago kudeatzen dituelako udalak: Muliateko auzo berria eta hondartzako aparkaleku ingurua. Guztira 2.980 faroletako argia ordaintzen du Hondarribiko udalak, dagoeneko gehienak kontsumo baxukoak. Aurten bi eremutara zabalduko da kontsumo baxuko argiteria, Mendelu Berrara eta Gibeletara.
Eta hondakinen partida, Txinzer enpresa publikoari egiten zaion ekarpena da, zerbitzuaren kudeketa egin dezan.
Hondartza, gune berdeak eta hilerria
Obrak, argiteria eta hondakinez gain, hondartza (208.000 euro), hilerria (101.000) eta gune berdeak (578.000) zaindu behar ditu Zerbitzuetako departamentuak 2,8 milioi euroko aurrekontuarekin.
Aurrekontuan hondartzaren atalean ageri den zatia 200.000 euro ingurukoa bada, “kudeaketa bateratuaren aurrekontua 700.000 eurokoa” dela argitu du Zerbitzuetako zinegotziak. Izan ere, aurrekontuan sorosle zerbitzuagatik ordaintzen dena eta azpiegituren mantenua sartzen da, baina beste gastu batzuk ez dira atal horretan aintzat hartzen, hala nola, “brigadak egiten duen esfortzu berezia”, hondartza eremuko gune berdeen zaintzea, argiteria, eta udan aparkalekuak zaintzeko egiten diren kontratazioak.
Gune berdeetarako partida jaisten joan da krisia hasi zenetik. Zerbitzua azpikontratatua du udalak eta 459.000 euro jasoko ditu aurten herriko Kilker enpresak Hondarribiko 164.550 metro koadroko azalera hartzen duten gune berdeak mantentzeagatik. Besteak beste, 5.000 euro gastatuko ditu udalak aurten loreetan, garai batean baino askoz gutxiago. Zinegotziak gehitu duenez, garai batean urtean lau aldiz aldatzen ziren loreak eta orain gehiago irauten dutenak aukeratzen dira, “eta lau aldiz beharrean bitan aldatzen dira eta leku batzuetan behin bakarrik”. Aireportuko biribilgunea jarri du adibide bezala, garai batean biribilguneak eraikitzea konkurtsora ateratzen zen, baina aireportukoa “brigadak berak egin zuen eta oso txukun geratu zen”.
Eta hilerriari dagokionez, aurrekontuaren zati handiena zerbitzua eskaintzen duen enpresari egiten zaion ekarpena da. Altuna zinegotziak nabarmendu duenez “zati berria egin zenetik, momentuz ondo egokituta dago hilerria” eta ez da aurreikusten inbertsio handiren beharrik.