Ingurumen Fiskaltzak Irungo Zaldunbordako hondakindegia ikertuko du
Eguzki eta Ekologistak Martxan taldeek jakinarazi dutenez, Ingurumen Fiskaltzak ikerketa abiatuko du Irungo Zaldunbordako hondakindegiaren gainean. Izan ere, bi taldeek salatu zuten Txingudiko Zerbitzuak erakundeak (Txinzer) “inolako baimenik gabeko hondakindegi klandestinoa” duela jarrita 1993tik, eta horretara “inolako kontrolik gabe” industriako nahiz eraikuntzako hondakinak botatzen direla; horregatik salaketa jarri zuten.
Horrela, Fiskaltzak esan duenez, ikerketaren helburua izango da isuri horiek nork egin dituen jakitea, eta ingurumenerako arriskua dagoen ala ez jakitea. Ikerketa egitea ontzat eman dute bi taldeek.
Bidasoko Eguzkiren eta Ekologistak Martxan taldeen arabera, “pasatzen den egun bakoitzeko ingurune horri egiten zaion kaltea handia” da, eta Txinzerren txostenetan oinarrituta esan dute berun, antimonio eta benzoapireno kontzentrazioak daudela bertan, lurzoruari eta lur azaleko nahiz lurpeko urei eragiten dietenak (Zokueta errekastokoak). Hori dela eta, besteak beste inguruko etxeetan “leherketa arriskua” dagoela esan dute ekologistek.