Herriko hainbat elkartetako ordezkariek eta udalekoak atari berria aurkeztu dute
Oiartzungo elkarteen euren jardunaren berri “lehenengo pertsonan” emateko eta antolatzen dituzten ekintzen berri emateko asmoz,
oiartzuarrak.org ataria sortu da. Gaur eguerdian aurkeztu dute hilabeteetan landutako fruitua. Euskara hutsean dago ataria.
“Komunikaziorako, agendarako eta kohesiorako tresna” izan nahi duela nabarmendu dute, hiru zerbitzu “garrantzitsurekin” batera: albisteak publikatzen dituen hasierako orrialde bat, agenda eta eragileen blogak. Sare sozialetan ere presentzia izango du, twiterren eta facebooken, hain zuzen.
Hainbat herri eragileen ekimena
Ataria sortzeko asmoa herri eragile batzuetatik etorri dela azaldu dute eta udalak “interesgarri” ikusi zuela: “Beste herri batzuetan ere antzeko ereduak badaude (Zaldibian, Lazkaon eta Ormaiztegin) eta haien funtzionamendu ona ikusirik, oiartzuarrei ere euren herrian dagoen mugimenduaren berri izan dezaten tresna eskura jartzea interesgarri ikusi da”.
Momentuz 11 eragilek dute euren txokoa atari berrian: Antiju Morik; Arraztalo; Abaraxka; Azmarrin; Ihote Taldea; Girizia Mendi Taldea; Oiartzun Kirol Elkartea; Oiartzungo Udala; Oiartzungo Antzerkizale Elkartea eta Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneak.
Hala ere, ataria herriko talde zein elkarte guztientzako irekita dagoela nabarmendu dute. Hala, horretarako interesa dutenek udaleko komunikazio arloarekin
harremanetan jarri behar dira. Interesdunei ataria erabiltzeko ikastaro laburra emango diete.
Atariaren logoa Allende Arnaiz herriko artistak egin du, Oiartzungo zortzi auzoak identifikatzen dituzten koloreak erabili ditu.