Bi egunetan antxotarren %75etik gora jaso dute bilketa selektiborako materiala
“Balorazio oso positiboa” egin du barrutiko alkateorde Izaskun Biurrunek, bi egunetan materiala biltzera deituta zeuden eremuetako biztanleen %75etik gora pasa delako eurei dagokien materiala jasotzera. “Antolaketa onari esker” prozesua azkartzen ari dela adierazi dute udaleko iturriek, eta astearen bukaerarako herritarren %95 baino gehiagok materiala jasotzea aurreikusi dute. Zentzu horretan, dagokien egunean pasatzerik ez dutenek ostiralean izango dutela bigarren aukera gogoratu dute, eguna horretarako propio gorde baitute.
Biurrunen arabera Donibanen izan dituzten emaitza onak Antxon berdintzea da helburua. “Jendearen artean motibazioa eta jakinmina sumatu ditugu material banaketan:seinale ona da”, adierazi dute.