Amiantoagatik hildako bizilagun baten familiari kalte ordainak eman beharko dizkio Ercrosek
Asviamie Euskadiko Amiantoaren Biktimen Elkarteak jakinarazi duenez, Donostiako Gizarte Auzitegiak A.F.A errenteriarraren familiari 252.459,91 euroko kalte ordainak ematera kondenatu du Ercros enpresa. A.F.Ak 14 urtez lan egin zuen Musika Plazan kokatuta zegoen Paisa enpresan, gerora, Ercros deitua. 2012an hil zen amiantoak eragindako biriketako minbiziarengatik. 2012ko urrian lortu zuen gaixotasun profesionala zela aitortzea.
“Minbizia eragiten duen zuntzezko plantxak erabiltzen zituen; lurra erratzarekin garbitzen zuen, lurra busti gabe. Ez zuten hori erabiltzen dituen arriskuez ohartarazi, eta ez zuen sudurrerako babesik erabiltzen. Hori gutxi balitz, etxera kutsatutako laneko arropa eramaten zuen”, zehaztu du Asviamiek.
Ercros, salaketaren kontra
Ercrosek salaketaren kontra egin zuela adierazi du elkarteak, arrazoituz Osalanen txostena hildakoaren eta gaixotasun profesionala zuen beste lankide baten testigantzetan oinarritzen zela. Salaketa hori epaitegi batek ere atzera bota zuela gaineratu du, argudiatuz Luzuriagan ere lan egin zuela eta autonomo bezala. Era berean, bi enpresak hildakoaren tabakoarekiko mendekotasunari egotzi zioten gaixotasuna.
Epai horrek, ordea, amiantoa egiaztatu duela zehaztu du Asviamiek; batik bat, garbiketa lanak egiten aritu zen urteetan.
Horrez gain, elkartearen esanetan, Ercrosek ezin izan du frogatu garai horretako araudia bete zuenik, amiantoari mugak jartzen hasi baitziren 60eko hamarkadan.
Hurrengo epaiketari “bidea ireki” diola dio Asviamiek
Asviamiek positiboki baloratu du epaia, “justizia egiten du, eta enpresaren kontrako beste salaketa bati bidea ireki diolako”. Martxoaren 6an izango da epaiketa, Teresa Illeraren familiarekin. Biriketako gaitza zuen eta aitortutako gaixotasun profesionala.